Munduko gazta keturik onena Berueten egiten da, Juanbeltz gaztandegian

Amezti.eus

Berueteko gaztandegiaren INSALAS ketu gaztak super-urrezko domina jaso eta puntuaziorik onena lortu du gazta ketuen artean, Munduko lehiaketa garrantzitsuena den World Cheese Award sariketetan. 

45 herrialde desberdinetako 5.330 gazta aurkezten dira sariketan eta Juanbeltzeko INSALAS ketuak super-urrezko domina jaso du. Gainera, INSALAS naturalari ere urrezko domina bat eman diote. Juanbeltz gaztandegi familiarrak INSALAS markarekin bere artaldeko esnearekin bakarrik egiten du gazta.

Hauxe adierazi du Berueteko Asier Juanbeltzek albistea jaso duenean: "Mundu osoko gazta kentu onena izendatu gaituztela jakiteak izugarrizko poza eta harrotasuna ematen digu. Urte askotako lanaren, ahaleginaren eta dedikazioaren aitortza da sari hau. Eskerrak eman nahi dizkiegu bereziki Idiazabal Jatorri Izendapenari eta Reyno Goureteri. Guk argi izan dugu gure apustua: gure herrian, Berueten, bizitzea eta lan egitea, gure sustraien, tradizioaren eta bizimoduaren alde egitea. Gure ustez ezinbestekoa da bertako ekoizleak, tokiko produktuak eta herrietako azokak babesten jarraitzea, horien atzean herriak, familiak eta bizirik mantentzea merezi duten tradizioak baitaude". Gazta keturik onena izendatzen duen super-urrezko domina horrekin batera, urrezko beste bat ere lortu du INSALAS natural gaztarekin, gainera.

Idiazabal JIBaren Kontseilu Arautzailetik beretik ere, bidalitako oharrean, Berueteko Juanbeltz gaztandegia zoriondu dute eta sariketaren antolatzaileei eskerrak eman dizkiete. Cordoban (Espainian) ospatu da World Cheese Awards sarien 38. edizioa.