Udalak azaldu duenez, A motako energia-kualifikazioa eraikin berri baten mailakoa da, eta, horregatik, prentsa oharrean zabaldu dutenez, %67 murriztuko da berokuntza eskaria. Oihanzabal eskolak egur-galdara bidez berotzen da eta orain arte, 40 urte dituen eraikinak zituen energia-galeren ondorioz, galdara egunero elikatu behar zen, baita neguko asteburuetan ere, gutxieneko tenperatura mantentzeko. Isolamendu berriarekin, astelehenetik ostiralera galdara kargatzea nahikoa izatea aurreikusten du Udalak: "Egurraren erabilera optimizatuko da, erregai kontsumoa murriztuko da eta berokuntzarekin lotutako mantentze- eta logistika lanak nabarmen gutxituko dira".
Obrak 303.958,34 euroko inbertsio osoa izan du, Basaburuko Udalak finantzatuta eta, aldi berean, EH Bilduk Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretan aurkeztutako 250.000 euroko zuzenketa baten bidez. Lanak uztailetik irailera bitartean egin dira, eskola-jardueraren ohiko garapena oztopatu gabe. Monente Arquitectura S.L.P. enpresak egin ditu proiektua eta obra zuzendaritza, eta Abilita Construcciones y Rehabilitaciones S.L. enpresa arduratu da lanak gauzatzeaz.
Obraren helburua lau hamarkada dituen eraikin baten berritzea izan da. Eraikinak isolamendu-arazo larriak zituen, eta, esan bezala, bero-galera handiak gertatzen ziren leiho, estalki eta fatxadaren bidez. Kanpoko arotzeria, estalkiaren isolamendua eta eraikin zaharraren fatxada hobetu ondoren, eraikinak A motako energia-kalifikazioa lortu du, eta, horrela, eraikuntza berri bateko etxebizitza edo eraikin baten eraginkortasun-estandarren pareko mailara iritsi da: "Energia- eta ekonomia-aurrezkiaz harago, ikasleentzat eta irakasleentzat onura nagusietako bat barruko erosotasun termikoaren hobekuntza nabarmena izango da. Inguratzaile termikoa berritzeak lehen gertatzen ziren tenperatura-aldaketa bortitzak saihestuko ditu, eta eskola-jardunaldian zehar giro egonkor eta egokia mantentzea ahalbidetuko du", azaldu dute oharrean.
