MTB komunitatea bultzatzeko asteburua

Amezti.eus

Irailaren 18tik 20ra bitartean MTB Basaburuak Dig n Ride asteburua antolatu du. Hitzaldiak, solasaldiak, bizikleta ateraldiak eta baita pesta pixka bat ere, bizikleta komunitatea bultzatzeko.

Mendi bizikletaren inguruan elkartzeko asteburua izanen da, baina Manu Alvarez MTB Basaburua taldeko kidearen hitzetan, ez bakarrik kirola egiteko: "Komunitatea sortzea eta lantzea, jende berria ezagutzea baina bizikletaren inguruan dibertitzea ere da helburua". 

Hiru egunetan zehar egitarau zabala antolatu dute. Ostiralean hitzaldiak nabarmenduko dira eta Olentzero proiektua aurkezten hasiko dira, aurten berreskuratutako bidexka: "2024an egur entresaka baten ondorioz bidea galdu zen eta aurten Shimanoren laguntza lortu dugu bidea berreskuratzeko", lan horren dokumentala ere erakutsiko dute. Ondoren, profesionalek eskainitako bi hitzaldi izanen dira, bidexken prestakuntzaren inguruan eta Trailforks aplikazioaren inguruan, mendi-bizikleta ibilbideak aurkitzeko eta nabigatzeko aplikazioa: 

Larunbatean, hitzaldietan ikasitakoa praktikan jartzeko aprobetxatuko dute eta Sugaar bidexkan hobekuntzak egiteko auzolana antolatu dute. Ondoren, bizikleta guztiz aparkatu gabe, baina besta egiteko tartea ere izanen da. Izan ere, bazkaria eta garagardo festaz gain, "biketalla de aura" orain modan dagoen aura batailetan oinarritutako lehiaketa eginen baitute. Desafioak izanen dira, teknika, indarra eta estilo erakustaldia egiteko. 

Igandean, azken egunean, bizikleta irteeraldiak egiteko eguna izanen da. Goizean helduendako eta umeendako ateraldia eta ondoren Benito Rosen eskolakoen erakustaldia. Arratsaldean, bukatzeko, MTB Basaburukoek ikastaroa jasoko dute suspentsioak ajustatzeko eta azkeneko irteera batekin emanen diote itxiera asteburuari.