Aizarozko plaza 'Palestina Plaza' izendatzeko ekimena eginen dute larunbatean

Amezti.eus

Palestinar herriarekin elkartasuna adierazteko ekimena antolatu dute Aizarozko herritarrek irailaren 12rako, larunbat honetarako. Herriko plazari 'Palestina Plaza' izena jarriko diote, eta goizean zehar bertara hurbiltzeko deia egin diete herritarrei. 

Honela adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek zabaldutako oharrean: "Mundu zabalean dagoen gatazka egoeraren aurrean, guk bonbak gelditu ezin baditugu ere, Aizarotz bezala non kokatu nahi dugun adierazi nahi duen herri ekintza burutu nahi dugu. Elkartasuna eta memoria adierazi nahi dugu herri bezala, eta elkarturik, ekintza hau burutu eta bideo bat grabatuz". 

12:00etan, plazan elkartzea da asmoa, eta herritar-kate bat eginez errekako harriak batu eta mugituko dituzte. Horrekin batera, olibondo bat landatuko dute, eta inguruan harriekin Palestinako mapa marraztuko dute. Prozesu osoa, gainera, bideoz grabatuko dute, aurrerago herrian proiekzio bat egiteko. Eguerdian, bermuta izanen da ostatuan, Palestinar musikaz eta pintxo solidarioz lagunduta. 

Herritarrei ekimenean parte hartzeko eta aurreko egunetako prestaketekin laguntzeko deia egin diote antolatzaileek. 

https://amezti.tok-md.com/argazkiak/zND/palestina_plaza_kartela.jpg