Ez dute lortu Igoako taxi lerroa berriz martxan jartzea. Bai, ordea, datorren ikasturtean berreskuratzeko konpromezua, Nafarroako Gobernuaren partetik. Hitzarmenean jartzen duenez, Igoakoei eta Arraraskoei zuzendutako taxi lerroa izanen da 27-28 ikasturtekoa. Gainera, Hezkuntzak hitza eman du otsailean eskola ibilbideak errebisatzen direnean, zonaldeko ordezkariekin batera eginen duela.
Autobusa Igoaraino igotzea bidea izugarri luzatzen zuen ikasle guztiendako, baita gainontzeko herrietakoendako, eta, gainera, gurasoek uste dute bidea autobusez egiteko ez dela segurua, horregatik, Igoako familiek kotxean eramanen dituzte ekainera arte. Kalte ordain gisa, diru-laguntza indibidualak jasoko dituzte. Luis Calatayud Hezkuntza Zerbitzuen Zuzendariak sinatu du akordioa, Guraso Elkartearekin egin dituen hainbat bileraren ondoren.
Esan dugun bezala, taxi lerroa kentzeak piztu zituen protestak. Taxia ordez, Igoara autobusa joatea erabaki zuen Gobernuak. Autobusak Igoan hasiko zuen bidea eta Aizarotza, Orokietara eta Gartzaronera joanen zen ondoren, zenbait ikasleri eskolatik kontrarako bidea egitera behartuz eta "Puzle ezinezko bat" zena gurasoendako, herritarren iritzirik jaso gabe diseinatua eta lurraldearen errealitatea ezagutu gabe. Horrek, "herri ezberdinetako familien arteko gatazka artifiziala sortu duela" ere salatzen dute gurasoek. Orain, Igoara ez denez joanen, ibilbide osoa berantolatu du Hezkuntzak.
Akordioa hainbat astez iraun duten protesten ondoren iritsi da. Irailaren 9an, Iruñera eraman zuten protesta gurasoek eta elkarrataratzea egin zuten Hezkuntza Departamentuaren parean. Kontzentrazio hori Garraldako gurasoekin batera egin zuten, izan ere, Piriniotako herrian ere protestan izan dira garraioan izandako aldaketengatik. Basaburuan eta Garraldan salatzen zutenez, Departamentuak erabaki horiek baliabideak aurrezteko besterik ez zituen hartzen, herrien hustutzearen kontrako neurriak hartzen dituztela aldarrikatzen duten bitartean. Haien ustez, ordea, ez dituzte landa eremuko herritarren beharrak kontuan hartzen.