Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ikasturte berrian aldaketak egin ditu eskola garraioan. Basaburuan Oihanzabal Eskolako Guraso Elkartea kexu da taxiaren lerro bat kendu dutelako eta horrek ekarri dituen ondorioengatik. Esate Baterako, taxia ordez, autobusa joanen da Igoara. Autobus batendako bide arriskutsua dela uste dute gurasoek, eta, gainera, ibilbidea asko luzatuko da ikasle batzuendako.
Horrela, Jauntsaratsen hasi zuten protesta Iruñera eraman dute eta elkarrataratzea egin dute Hezkuntza Departamentuaren parean, asteazken honetan, 10:00etan. Kontzentrazio hori Garraldako gurasoekin batera egin dute, izan ere, Piriniotako herrian ere protestan ari dira garraioan izandako aldaketengatik. Protesta amaituta, Garraldako gurasoak hartu dituzte Hezkuntzako arduradunek. Momentu honetan, Basaburukoak ere biltzeko esperoan daude. Ematen dieten erantzunaren arabera mobilizazioekin zer egin erabakiko dute. Garraldan eskola garraioa hartzeari uko egin diote egun hauetan, protestan, eta beren kabuz eramaten ari dira ikasleak. Oihanzabalgo gurasoak ere protesten intentsitatea igotzea ari dira pentsatzen eta umeak eskolara ez eramatea baloratzen, gobernuaren erantzunaren arabera hartuko dute erabakia.
Basaburuan eta Garraldan salatzen dutenez, departamentuak erabaki horiek hartu ditu baliabideak aurrezteko besterik ez, herrien hustutzearen kontrako neurriak hartzen dituztela aldarrikatzen duen bitartean. Haien ustez, ordea, ez dituzte landa eremuko herritarren beharrak kontuan hartu.
Elkarretaratzean irakurritako gurasoen komunikatua, osorik:
"Basaburua eta Aezkoa bailaretako familiak hemen gaude gaur, Hezkuntza Departamentuaren ateetan, Administrazioak planto egitera behartu gaituelako. Gure lanpostuak utzi eta seme-alabak auto partikularretan eraman behar izan ditugu eskolara, gure bailaretako garraio zerbitzua okertzen duten ibilbideen aldaketa ez dugulako onartuko.
Gauza bat oso argi utzi nahi dugu Departamentu honen aurrean: ez gara ezer berririk eskatzen ari. Geunden bezala uztea besterik ez dugu exijitzen.
Gure ibilbideek, gure herriak zeharkatzen zituzten taxi edo ibilgailu txikiekin, urteak zeramatzaten ondo funtzionatzen. Baina administrazioak ongi funtzionatzen zuena aldatzea erabaki du, nabarmen okertzeko. Ibilbideak Iruñeko bulegoetatik diseinatu dituzte, tokiko eremua zapaldu gabe eta gure mendiko errepideen ezaugarriak kontuan hartu gabe.
Kudeaketa txar horren ondorioz eta justifikaezina den diru-aurrezte bat helburu, , ibilbide seguru eta kalitatezkoak kendu dituzte, tamaina handiagoko ibilgailuak inposatzeko errepide estuetan, eta gure seme-alabak zigortu dituzte egunean kilometro gehiago egitera behartuz, eskolara iristeko beharrezkoak ez diren itzulinguruetan denbora galduz. Kasu batzuetan, bazterbiderik gabeko errepideez, bihurgune itxiez, aldapa gogorrez eta ezarritako ibilgailuen tamainarako batere egokiak ez diren biraketez, ari gara.
Ahoa betetzen zaie despopulazioaren aurkako borrokaz, landa garapenerako legeak onartzeaz eta herriak babesteaz hitz egiten, baina egiaren orduan oinarrizko zerbitzuak murrizten dizkigute. Gure seme-alaben segurtasuna eta denbora kentzen badizkigute, lortzen duten gauza bakarra landa-eremuko familiak herrietatik aldentzea da. Mendian bizitzeak ez gaitu bigarren mailako herritar bihurtzen, eta adingabeen ongizatearekin ez da jokatzen.
Hilabeteak daramatzagu gure nahigabea bide instituzionaletatik adierazten eta ez digute kasurik ere egin. Horregatik, Basaburua eta Aezkoako bailarak bat egin dugu borroka honetan. Erabakian atzera egitea eskatzen dugu, hainbeste urtetan izan duguna berreskuratzea eta ibilbideak ziren bezala izatera itzultzea.
Funtzionatzen duten bideak ez dira ukitzen! Eskola-garraio segurua eta kalitatezkoa landa-eremuan!".