Inar Pascal

"Euskarazko harreman politak egiteko aukera eman dit Euskarabenturak"

Amezti.eus 2026ko abuztuaren 10a

Aizarozko Inar Pascal gazteak aurtengo Euskarabentura espedizioan parte hartu du. Uztaila osoan Euskal Herriko hamaika txoko zeharkatu dituzte oinez, eta esperientziaren inguruan galdetu diogu basaburuarrari. Josune Galduroz iraizoztarrak ere hainbat egun egin zituen espedizioan, baina gaixotu uztailaren 7an utzi behar izan zuen abentura. 

Nondik suertatu zitzaizun Euskarabenturan parte hartzeko aukera, eta nola izaten da bertan izena ematea?

 

Urte hasieran irakasle bat etorri zitzaigun Euskarabenturari buruzko aurkezpena egitera, eta nik hor entzun nuen lehenbizikoz ekimen honi buruz. Ez nuen uste aurkezpen batek hainbeste eragin zezakeenik nire bizitzan. Euskarabenturan parte hartzeko proiektu txiki bat egin behar da, urtero hiru gai desberdin aukeratzen dituzte antolakuntzatik, eta gai horietatik bat hautatu eta proiektu librea egin beharra dago. Horixe egin nuen nik eta aukeratua izan nintzen.

Zergatik zenuen gogoa bertan parte hartzeko?

 

Euskarabenturan parte hartu nahi nuen jende berria ezagutzea gustuko dudalako, eta euskarazko harreman berriak sortzeko aukera ere ikusten nuelako. Azken batean, nire eguneroko bizitzan ez ditut hainbeste harreman euskaraz.

Noiz izan da aurtengo edizioa, eta nondik nora

 

Aurtengo edizioak uztaila osoa iraun du, guztira ia 800 kilometro egin ditugu, horietatik 500 inguru oinez. Atharratzetik abiatu ginen uztailaren lehenean, eta Euskal Herriko zazpi herrialdeak pasatuz, Algortara uztailaren 31ean iritsi ginen.

Zenbat lagunek hartu duzue parte bertan, eta ze adinetakoak?

 

Aurtengo edizioan 125 lagun izan gara, 15 eta 17 urte bitartekoak. Monitoreak kontatuta, 160 pertsona izan gara guztira, tartean Euskal Herri osoko parte hartzaileak, eta baita diasporako hiruzpalau lagun ere.


Zer nolako esperientzia izan da zuretzat? Gogorra izan da, ongi pasatu duzu?

 

Oso esperientzia polita izan da, bizitzan bakarra izango dena. Ongi pasatzeaz gain, egunero ekintza desberdinak izaten genituen, eta Euskal Herriaren eta euskararen egoerari lotutako gauza asko ikasi ditugu. 31 egun dira, 24 orduz elkarrekin, adin bereko jendearekin, eta uste dut hori bizitzan behin gutxienez bizi beharreko zerbait dela. Hainbeste egun izanda ere, ez dugu aspertzeko denborarik izan.

Espediziotik kanpo ere mantentzen dituzue bertan sortutako harremanak, ezta?

 

Bai, harreman sendoak sortzen dira espedizioan, eta behin Euskarabentura bukatuta ere horiek mantentzen saiatuko gara. Horretarako, hainbat hitzordu jartzen ditugu gure artean udan zehar, honezkero elkartu gara hainbatetan.

 

"Harreman sendoak sortzen dira, espedizioa eta gero ere mantentzen ditugunak"

 

Datorren urtean berriz parte hartzeko aukera izanen zenuke?

 

Nik datorren urtean ezinen nuke parte hartu, behin bakarra joan baitaiteke. Azkenean, jende askok eman nahi du izena ekimenean, eta denei aukera utzi beharra zaie. Hori bai, hemendik bi urtetara, 18 urte betetzen ditugunean, xerpa bezala joateko aukera izanen dugu. Jende askok hori egiten du, Euskarabentura egin ondoren, urte bat pasata, monitore bezala joatea.

 

Zer azpimarratuko zenuke aurtengo ediziotik? Baduzu bereziki gogoan momenturen bat, edo asko gustatu zaizun etaparen bat?

 

Bertan sortzen diren harremanak nabarmenduko nituzke, jende zoragarria ezagutzen da, eta lehen esan bezala, euskarazko harremanak sortzen dira. Jende askok ez du aukera hori bere bizitzan, euskarazko harremanak egitekoa, eta horregatik ere esperientzia oso polita da Euskarabenturakoa. Bestetik, niretzat momenturik politenetako bat Porrotxen bisita izan zen. Txikitan oso berezia zen niretzat Porrotx, eta oain berriz gertutik ikustea, berarekin ordu bat konpartitzea... oso berezia izan da. Eta, etapei dagokionez, mendiko etapak izan dira gehien gustatu zaizkidanak.


Oinez ibiltzeaz gain, bestelako ekimenak eta bisitak ere jasotzen dituzue, euskal kulturgileenak adibidez. Nortzuk izan dituzue aurten?

 

Bai, goizetan etapak egiten genituen, eta arratsaldetan, hainbat ekimen izaten genituen, edukiak lantzeko. Normalean, hitzaldi bat edo bi izaten genituen, Euskal Herriko eskualde desberdinetako kideak etorri dira haien inguruko egoera soziolinguistikoa kontatzera. Bestalde, ekintza asko ere izaten ge nituen: jolasak, hainbat musikariren bisitak (Xabi Solano, Maruxak...), mural pintaketak... eta askoz gehiago!

"Autonomia, konfiantza eta talde-lanerako gaitasuna ere lantzen da Euskarabenturan"

 

Gomendatuko zenieke zure adineko gazteei Euskarabenturan parte hartzera?

 

Bai, zalantzarik gabe, 15 eta 17 urte artean dituzten gazteei Euskarabenturan izena emateko gomendatuko nieke, euskara modu natural eta dibertigarrian erabiltzeko aukera ematen duelako, Euskal Herriko txoko asko ezagutzen direlako eta bizitza osorako lagunak egiteko aukera ematen duelako. Gainera, norberaren autonomia, konfiantza eta talde-lanerako gaitasuna garatzen ere laguntzen du, izan ere, 31 egun etxetik kanpo, arropa eskuz garbituz, platerak ere bai, material guztia norberak zaindu beharra du... uste dut horrek guztiak asko erakusten duela. Azken batean, ikasketa eta oroitzapen ahaztezinak sortzen diren esperientzia dela uste dut, eta horregatik, gomendatzen diet parte hartzera.

 

https://euskarabentura.eus/wp-content/uploads/2026/07/7189720.jpg

 

https://euskarabentura.eus/wp-content/uploads/2026/07/7112920.jpg