Maiatzaren 7an eskualdeko bi haur eskolak itxita izan dira 0-3 zikloko baldintza prekarioak salatzeko eta haien lanbidearen duintasuna adarrikatzeko. Nafarroa osoan deitu dute greba eta 107 haur eskoletatik gutxienez 70 batu dira. Laguntzaile bidezko errefortzuak "tranpa" bat direla eta errefortzu langile hauen baldintzak izugarri prekarioak direla, ratioek eramanezinak izaten jarraitzen dutela, gelak masifikatuta daudela eta soldatak izozturik daudela salatu dute.
Horretarako, goizean goiz ekin diete mobilizazioei: 10:00etan elkartu eta Iruñeko Hezkuntza Delegaritza aurrera joan dira, euren aldarriak Hezkuntza Departamenduari entzunarazteko. 14:00etan Gaztelu Plazako arkupeetan elkarturik jarraitu dute langileek, eta Zezen Plazara mugitu dira 16:00etarako. 18:00etan, berriz, manifestazio zaratatsu bat egin dute Errekoleten Plazatik hasita.
"Greba-eguna hemen amaitzen bada ere, gure borrokak inoiz baino indartsuago aurrera jarraitzen du", adierazi dute 0-3 plataformako kideek Nafarroako hiriburuan egindako manifestazioaren bukaeran. "Gure egunerokoa eskolan oso gogorra da. Batzuetan guretzat, baina bereziki gogorra haurrentzat", azaldu dute. Izan ere, ratioen eta gelen masifikazioaren ondorioz haurrei ematen zaien arreta eskasa salatu dute: "Ratio hauek ez digute uzten behar duten denbora geldoa, samurra eta atsegina eskaintzen". Baina euren aldarrikapenak askoz harago doazela xehatu dute: "0-3a benetako hezkuntza-ziklotzat onartua izan dadila. Bertako profesionalak irakasle bezala aitortuak izatea. Kontratu prekarioekin amaitzea eta haurrek atsedenerako eskubidea izatea. Gainerako hezkuntza-zikloak bezala kudeatu beharko litzateke, eta, gainera, doako ziklo unibertsala eta kalitatezkoa izan beharko litzateke".
Plataformak oroitarazi du "klase politikoak itun bat sinatu zuela 2022an", garai hartan beharginek egindako borrokaldiaren ondorioz, eta "lau urte beranduago bete gabe jarraitzen" duela. "Hitz hutsak, bide hori egiteko asmorik ez dutenak. Borrokan jarraitzea besterik ez zaigu geratzen", dio. Gogoan izan ditu, gainera, Madrilen greba mugagabean dauden haur eskoletako langileak: "Haiekin batera, bizi-baldintza duinen alde borrokatzen dugu, gure herrietan, hirietan eta behar den lekuetan". 2022an bi hilabeteko greba egin zuten Nafarroako Haur Eskoletako langileak eta, orduan, itun bat sinatzea lortu zuten eta zenbait hobekuntza ezarri zituen Nafarroako Gobernuak. Dena den, neurri guztiak ez dituela bete salatu dute oraingo honetan eta hobekuntza gutxi horiek zaharkituta gelditu direla.
Estatu mailan, gainera, apirilaren 7tik greba mugagabean daude Madrilgo langileak eta 0-3 plataforma beste herrialdeetan ere zabaltzen ari da. Haiekin elkartasuna adierazteko ere izan zen Nafarroan atzoko greba.