Zerbitzuak erabiltzaileak kontzejuetatik Auza eta Irurtzungo autobus geltokietara eramanen ditu. Taxiak beren herrian jasoko baititu eta dagokion autobus geltokira eraman. Prezioa 3 euroren baitan egonen da, diruz lagunduta egonen baita Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmenari esker. Taxia aurreko egunean erreserbatu beharko da, 19:00ak baino lehen. Bihar eginen du lehenengo bidaia eta erabiltzeko gaur erreserbatu beharko da.

Astelehenetik ostiralera emango den zerbitzu erregularraz gain, asteartero, 10:30ean, herrietatik Irurtzunera joateko aukera zabalduko da, azoka-egunean bertaratzeko. Azoka egun horretan, Irurtzundik 13:30ean itzultzeko aukera egonen da. Gainera, ordutegi horrek herriaren eta Iruñearen arteko autobus-zerbitzu erregularrarekin ere lotzen ditu.
Taxi zerbitzu hau martxan jartzeko, Basaburuko Udalak hitzarmena sinatu du Nafarroako Gobernuarekin eta 15.000 euroko aurrekontu-saila jasoko du. Gaur egun, gainera, Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren Zuzendaritza Nagusia Iruña-Donostia kontzesioaren zerbitzuak diseinatzen ari da. Zerbitzu horietan, Basaburua, Larraun eta Imotz bailarei erantzungo dien eskariaren modalitatea integratuko da.