Aizarozko Miguel Arano gudaria omenduko dute ostiralean

Amezti.eus 2025eko abenduaren 23a

EAJren Itxarkundia batailoian borrokatu zuen, faxismoaren kontra, gerra zibila eragin zuen kolpearen ondoren. Legutioko batailan pairatutako zaurien ondorioz hil zen Zornotzako ospitalean, 1936ko abenduaren 22an. Abenduaren 26an, omenaldia eginen zaio Aizarotzen, 12:30ean. 

Abenduaren 26an, ostiralarekin, 12:30ean, omenaldia eginen diote Basaburuko Ahaztuak eta Aizarozko Kontzejuak. Olaondo karrikako lorategian bere omenean jarri duten oroitarri bat inauguratuko dute: "Omenaldi hau ez da oroimena bakarrik, esker ona ere bada garai hauetan, non ahanzturak zelatatu eta bere izenak ezabatu nahi izan zituen isiltasun frankistak jarraitzen duen. Ahotsa altxatzen dugu bere oroimena hil ez dadin eta bere izenak bizirik jarrai dezan gure artean, erresistentziaren eta itxaropenaren sinbolo gisa".

Miguel Arano Arrbillaga gudariak 38 urte zituen faxismoaren aurka borrokatzen hil zenean.  Legutioko batailan larri zauritu zen eta Zornotzako Odol Ospitalean hil zen, zaurien ondorioz. 1936ko abenduaren 22a zen, esan bezala, eta EAJren Itxarkundia batailoiako kidea zen orduan. 

Orduan, Gernikako Zallo hilerrian lurperatu zuten, beste gudari batzuekin batera. 1937ko maiatzean faxistek hartu zuten Gernika, baina ez orduan, ezta gerra bukatu zenean ere, 1939an, ez zituzten gudarien gorpuak ukitu. 1947an, ordea, Vicente Rojo alkate frankistak gorpuak hilerritik atera eta zakarrontzira botatzea agindu zuen. Julian Lezarraga hilerriko langileak ez zuen agindua bete eta isilean hezurrak hilerriko lorategi txiki batean lurperatu zituen. 

Miguel Arano Arribillaga (1898-1936)

Miguel Arano Arribillaga Aizarotzen jaio zen 1898an. Aita José Arano Mariezkurrena zuen, errotaria, Beuntzako semea (Atetz); eta, ama, Policarpia Arribillaga Goyenaga, Aresoko alaba.  

Concha Lizaso Urkinekin ezkonduta zegoen eta 4 seme-alaba zituzten: Maria, Lorenzo, Ramon eta Francisco. Hurrenez hurren, 10 urte, 6 urte, 4 urte eta 20 hilabe besterik ez zituzten aita hil zenean.