Euskal Herriko ardi moztaile txapelketan izanen da Itsasoko Kike Paesa

Amezti.eus 2025ko ira. 23a, 12:51

Larunbat honetan, Euskal Herriko ardi moztaileen txapelketa ospatuko da Abadiñon, Bizkaian. Euskal Herriko 40 moztaile ariko dira bertan ardiei ilea mozten, tartean, Itsasoko Kike Paesa ere bai. Nazioartetik ere ordezkaritza zabala izanen da larunbatean. Joseba Attard antolatzailea elkarrizketatu dugu Esan Erran irratian. 

Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) antolatu du lehenengoz Euskal Herriko txapelketa, eta lehiaz gain, egun osoko egitarau ederra prestatu dute. Modalitate desberdinak izanen dira txapelketan, hala nola, guraizez nahiz makinaz. 

Euskal Herriko moztaileez gain, nazioarteko ordezkaritza zabala izanen da bertan; guztira, 80 moztaile elkartuko dira, eta mila ardiri moztuko diete ilea. Eskoziatik, Frantziatik, Galestik, Ingalaterratik, Irlandatik, Herbereetatik, Uruguaitik, Espainiatik, AEBetatik, Kataluniatik nahiz Kolonbiatik etorriko dira moztaileak. Teknika, abiadura eta trebezia hartzen dira kontuan lehiaketan. Itsasoko Kike Paesa moztaileak 30 urte daramatza ardi-ilea mozteko langintzan, eta txapelketa askotan parte hartzen ez duen arren, Abadiñokoan ariko da lehian. 

Euskal selekzioa

Euskal Herriko zazpi lurraldeak hartzen dituen lehendabiziko kirol selekzioa osatu dute EAMEko kideek, eta datorren urtean Zeelanda Berrian jokatuko den mundu mailako txapelketan ere parte hartuko dute.