Herritar ugari bildu da Basaburuan gertatutako eraso matxista salatzeko

Amezti.eus 2025ko abu. 18a, 09:30

Joan zen ostiralean, abuztuaren 15ean, Basaburuko Udalak eta Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak oharra zabaldu zuten erasoa salatuz. Bertako mugimendu feministarekin batera elkarretaratzea deitu zuten larunbatean, abuztuaren 16an, 12:00etan, Jauntsaratsen eta herritar ugari batu zen deialdira. 

Emakume batek Basaburuan erasotua izan zen astean zehar eta ostiralean salatu zen erasoa publikoki. Mugimendu Feministak deituta eta Basaburuko Udalak eta Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak babestua, elkarretaratzea deitu zuten larunbatean. Eskualdeko herritar ugari hurbildu ziren Jauntsaratsera, erasoa eta indarkeria matxista oro gaitzesteko. Eraso sexisten aurrean autodefentsa feminista babesten zuen mezua nabarmendu zuten.

Basaburuko Udalak eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, gainera, elkarretaratzera deitzeko oharra zabaldu zuten. Bertan, indarkeria matxistak "egiturazko izaera duela eta erasoak gizon eta emakumeen arteko botere harremanekin lotura duela" agerian utzi nahi izan dute. 

Instituzio publiko bezala indarkeria matxistaren aurrean jarrera konprometitua izan behar dutela ere adierazi dute.