Beramendi eta Udabe izan dira ekimenera batu diren azkeneko bi kontzejuak. Aizarotzen, Gartzaronen, Igoan eta Itsason ere Udalak bigarren urtez proposatutako ideiara batu baitira eta argiteria publikoa itzaltzeko konpromisoa hartua zuten herritarrek ozar-izarrak ongi ikusteko aukera izan zezaten. Abuztuaren 18an eta 19an, gaur eta bihar, izan behar zuen, baina hodeiek ez dutenez ezer ikusten utziko, ekimena atzeratzea erabaki dute. Data berria jakin bezain pronto zabalduko dugu.
Pertseidak ozar-izarrak dira, 109P/SWIFT-Tuttle kometak utzitako hauts-partikulak, hain zuzen. Hautsez, harriz eta izotz zatiz osatuak daude eta kometa eguzkitara hurbiltzen denean askatu egiten dira, beroaren ondorioz izotza urtu, eta partikulak abiadura handian sartzen dira atmosferara, izar iheskorrak sortuz. Perseus konstelazioaren parean ikusten dira, Kasiopearen alboan, horregatik deitzen dira pertseidak. 50 kilometro segundoko abiadura gainditu dezakete.
Euskal Herrian izar uxo ere esaten zaie, eta, zenbait tokitan Done Laurendiren malkoak, abuztuaren 10ean ospatzen delako santu hori eta data horren inguruak ikusi ohi dira.
Hain zuzen ere, Ipar Hemisferioan abuztuaren 8tik 14ra bitartean gehiago ikusten dira, bereziki, abuztuaren 12an. Orduan, 100 meteoro izaten direlako. Aurten, ordea, egun hodeitsuak izan dira abuztuaren 12a eta 13a; eta, horregatik, abuztuaren 18ra eta 19ra pasatzea erabaki zen. Baina, hodeiek boikota egiten ari direla ematen du eta gehiago atzeratu behar izan dira ekimenak.
Beramendin, argiteria itzaltzeaz gain, gainera, ekimen berezia antolatu dute Nafarroako Astronomia Elkartearen eskutik. Teleskopioaren bitartez zeruaren behaketa egiteko eta azalpen interesgarrien laguntzarekin, gainera. Hau ere, eguraldiak baimendu arte atzeratuko da.