Jendetza, Txokolateroren ate irekietan

Amezti.eus 2025ko eka. 23a, 16:40

Amaitu dira Basaburuko Udalak Sasturain etxean bultzatutako lanak eta igandearekin herritarrendako ateak ireki eta proiektua azaldu zuten udal ordezkariek eta arkitektoak. 

Eguneko zentroa izanen da Txokolateroren etxea eta horretarako zaharberritze lanak egin ditu Basaburuko Udalak. Lanak amaituta eta altzariak ere jarrita, ate irekiak egin zituzten, atzo, igandearekin, goizeko 11:00etatik aurrera, herritarrek emaitza ikusi zezaten eta proiektuaren azalpena izan zezaten. Basaburuko eta inguruko bailaretako jende ugari hurbildu zen.

11:00etan etxeko ateak ireki zituzten herritarrek eguneko zentroa izanen den azpiegiturak ikusi zezaten. Sukalde berria, argia pasatzeko leiho handiko jangela eta egongela ikusteko aukera izan zuten. Ondoren, 12:00etan, etxearen atzekaldean udal ordezkariek eta kontratazio mahaia osatu zuten kideek; eta baita lanen arkitektoak ere proiektuaren azalpenak eskaini zituzten. Ondoren otamena ere eskaini zitzaien.

Basaburuko Udalak 2023an eskuratu zuen familiarekin egindako hitzarmen baten bidez Sasturain etxea (Txokolatero deiturikoa), adinduen zaintzarako zuzendutako eguneko zentro bat jartzeko asmoarekin. 2024ko abenduan beheko solairuaren zaharberritzerako proiektuak aurkezteko aukera zabaldu zuen eta 2025eko maiatzean amaitu dira Cota enpresak egindako lanak. 251.000 euroko kostua izan dute baina Udalak 200.000 euro jaso ditu Nafarroako Gobernuak aurrekontuetan onartutako zuzenketa baten bidez.