1936ko kolpe faxista izan zenean Basaburuko medikua zen Francisco Javier Iturbide eta Igoako maisua Nemesio Delgado. Biak ala biak, Basaburuarrak salatuak, atxilotuak, jipoituak eta umiliatuak izan ziren. Ondoren, gainera, ezin izan ziren haien lanbideetara itzuli eta iheslariak ere izatera behartuak izan ziren.
Basaburuko Ahaztuak taldeak eskualdeko errepresaliatuak oroitu eta omendu nahi ditu. Urtarrilean holokausto naziko biktima izan zen Pascual Lazkano Cia ilarregiarra omendu zuten eta orain Basaburuko medikua eta maisuaren txanda izan da. Herritar ugari bildu zen, ia 80 pertsona, Jauntsaratsen, Txokolateroren etxearen atzekaldean, tartean, Francisco Javier Iturbide eta Nemesio Delgado beraien oinordekoak ere bai. Endika Legarra Goldarazko (Imotz) jatorria duen bertsolariak bertso batzuk eskaini zien; eta, Oihana Fernandez Iturrik eta Jule Goñik abeslariek Berri Txarrak taldearen Maravillas kanta eskaini.
Urteetako isiltasunaren aurrean, memoria
Basaburuko Ahaztuak elkarteak bailarako errepresaliatuen memoria berreskuratzeko lana aldarrikatu du ekitaldian, isiltasunaren eta ahanzturaren aurrean. Bestalde, Basaburuko Udalak udalbatzan hartutako erabakia irakurri du. Bertan, indarkeria frankistak errepresaliatutako bizilagunekiko eta, zehazkiago, Francisco Javier Iturbide eta Nemesio Delgado bailarako bizilagunekiko konpromiso irmoa adierazi du. Bestetik barkamena eskatu zaie, formalki, bi auzokideen senideei, oharran adierazi duten bezala, "Basaburuko Udala denbora luzeegian isilik egon delako". Bide batez, "merezitako omenaldia egin zaie balio demokratikoen, irakaskuntzaren eta osasun publikoaren defentsan errepresaliatuak izan ziren guztiei". Osasun-zentroan eta eskolan plaka bana jarriko dira Udalak espazio horietan bidegabekeriaren oroitzapena mantendu nahi duelako: "Jakinda horrek ez duela inolako zorrik kitatzen. Presente baino ez ditu egiten".
- Fco. Javier Iturbide Amezqueta. (Iruñea, 1880, 1951).
Dionisio Iturbide Baigorri notarioaren semea. Aita 1893ko maiatzaren 28ko manifestaziora, Gamazada deitu zen lehen ekitaldi publikora, deitu zuen batzordeko kidea izan zen.
Fco. Javier Iturbide Amezketa, hainbat herritako medikua izan zen, besteak beste, Abartzuzan, Lekunberrin eta Aizoainen, non 1918ko gripe epidemian egindako lanari esker, errekonozimendu publikoa jaso zuen.
Estatu-kolpea hasi zenean, Jauntsaratsen zegoen mediku, Basaburuko plaza betetzen.
Bailarako jendeak atxilotu zuen eta tratu txarrak eman ondoren, 1936ko uztailaren 27an Iruñeko agintari berrien esku utzi zuten eta haiek espetxean sartu. Handik denbora gutxira irten zen, baino ez zioten pakean utzi, behin baino gehiagotan atxilotu baitzuten gerora. Azken 3 hilabeteko atxiloketaren ondoren, Iruñeko haurtzaroko lagun batek, une horretan falangista zen goi-kargudun batek espetxetik atera zuen, baina Falangean izena emateko aholkatu zion, bere segurtasuna bermatzeko. Hala ere, bere bizitza arriskuan zegoenez, 1937an, lagun berak, Espainiatik alde egiteko esan zion. Horregatik, Guillermo Frías Arizaleta errepublikarraren bitartekaritzarekin eta bere seme zaharrenarekin, Francisco Javier Iturbide Urmenetarekin, Baztan zeharkatu eta Frantziara ezkutuan ihes egitea lortu zuten. Gero, errepublikaren eremura joan zen eta mediku lanak egin zituen Valentziako preso frankisten eremu batean.
Gerra amaitu zenean, Iruñera itzuli zen baina urtebetez etxetik irten gabe egon zen atxilotua izateko beldurrez. Geroztik, mediku gisa jarduteari ateak itxi zitzaizkion, eta erretiroa hartu baino lehentxeago arte ordezkapenak bakarrik egin ahal izan zituen, eta horrek larriki eragin zion berari eta bere familia zabalari.
Lana aurkitzeko zailtasunak beren seme-alabek ere pairatu zituztenez, alarguna eta Iruñean bizi ziren zazpi lagunak, Venezuelara erbesteratu ziren. Seme zaharrena, Frantzisko Xabier, errepresioa eta kartzela ere jasan zituena, Mexikon erbesteratua zen aurretik.
Francisco Javier Iturbide seme batekin
- Nemesio Delgado Gutiérrez (Isar, Burgos, 1901/08/01 - Donostia, 1971/12/21).
Nemesio Delgadok Igoako maisu-postua lortu zuen Errepublika gazteak lehen urratsak eman eta hezkuntza-sisteman aldaketa garrantzitsuak egin zituenean.
Garai hartako egunkariek 1932ko azaroan gogorarazten digutenez: "herri eskola baten inaugurazioa, distira eta animazio aparta izan zituen ekitaldia. Bertan izan ziren Udala, Haraneko medikua eta idazkaria, Martín Lecue y Compañía kontratista eta Nemesio Delgado maisua, zeinen lan pedagogikoa oso goraipatua izaten ari den. Zeremoniaren ondoren, bazkari bikaina zerbitzatu zen Victor Oronozen etxean, Kontzejuko agintaria eta herri osoa bertan zirela. Zorionak eman nahi dizkiogu Igoako herriari eskola hau eraikitzeagatik. Izan ere, eskola horren beharra hainbeste nabaritzen zen, eta zorionak ematen dizkiogu Delgado irakasleari, oso erreferentzia goresgarriak baititugu irakaskuntzaren aldeko bere grinei buruz ".
1936ko abuztuaren 1ean bailarako bizilagunek atxilotu eta Ilarregin zeuden indar kolpisten esku utzi zuten. Handik Iruñeko probintzia-espetxera eraman zuten. La Merced kontzentrazio-esparruan ere eman zuen denboraldi bat. Azaroaren 1era arte egon zen kartzelan. Handik egun gutxira, berriz atxilotu eta askatu zuten, 1936ko abenduan. Kartzelatik irtetean eta bere maisu lanbidean aritzerik ez zuenez, La Madrileñan hasi zen lanean, Gazteluko Plazatik gertu dagoen gizonezko arropa-denda batean. Berriro atxilotu eta aske utzi ondoren, 37ko martxoan, lagun batek fusilatua izateko zerrenda batean zegoela kontatu zion, eta Frantziara oinez ihes egitea erabaki zuen. Hortik Kataluniara igaro zen Portbouko lepotik. Bartzelonan jarri zen bizitzen eta magisteritzara itzultzea eskatu zuen, FETEko (Irakaskuntzako Langileen Espainiako Federazioa) eta Izquierda Republicanako kide izan zela adieraziz. Hori dela eta, Iruñean espetxeratu zutela. Gobernu errepublikanoak bere eskubide profesional guztiak berritu zizkion. 1938ko urtarrilera arte aritu zen maisu.
Bere kintarekin mobilizatuta infanterian sartu zen armada errepublikarrean, eta bertan zauritu zuten. Gerra amaitu ondoren, itzulerako bide bera egin zuen eta Irunen entregatu zen. Berriro espetxeratu zuten eta Gerra Kontseilu baten aurrean jarri zuten, matxinadari laguntzea leporatuz. 1939ko apirilean, Burgosko agintari militarrek Iruñeko epaitegi militarrari haren portaera ikertzeko eskatu zioten kargutik kendu zuten arte. 38 urte zituen. Lekunberriko Guardia Zibilaren postuko komandantearen arabera, Nemesio «jaun estimatua zen herriko bizilagunekin oso adeitsua zelako; klasean asko irakatsi ohi zuen, baina erlijio-jokabidean konfiantza gutxi ematen zion, mezarik ez baitzuen entzuten jai egunetan, Fronte Popularrak irabazi zuenetik, nahiz eta emazteak pazko betetze-zedula aurkeztu zion parrokoari, bere senarrak Iruñean bete zuela esanez; herriko neskei Angelesen meza kantatzen irakatsi zien, eta ez daki eskolan inolako moraltasun ezik edo doktrina heretikorik irakatsiko zuenik; oso ezkertiartasunez pozoitutako pertsona jotzen zuen, nahiz eta hemen zegoen giro eskasagatik ezer gutxi egin ahal izan; aipatutako bailaran ez zegoen inongo ideologiako zentro politikorik, baina, hala eta guztiz ere, Iruñean militatu zuen Erradikal Sozialistan 1934ko uztailaren lehenera arte, Iruñean ere sartu baitzen Izquierda Republicanan, eta Nazioarteko Sorospen Gorrirako zigiluetan kotizatu zuten irakasleen zerrendan agertu zen. Gainera, Azaña eta Casaresek jarraitutako politikarekiko atxikimendua sinatu zutenetako bat izan zen. (...) Mugimenduaren aurreko maisu-maistren bilera batean izan zen, Lizason eta bere kideei agur esaten ikusi zitzaion, ukabila goratuta. Bere lankideek ez zioten erantzun;
Gerra Kontseilu honetan, Nemesio Delgadori urtebeteko espetxe zigor txikia ezarri zioten, dagozkion zigor osagarriekin (1941).
Espetxetik atera zenean, behin baino gehiagotan eskatu zuen irakasle kargutik kentzearen neurria berrikusteko, baina Hezkuntzako Batzorde Nagusiak berretsi egin zuen. Bere lanbidean jardun ezin zuenez, Gregoria Markotegi emaztearekin eta Sole alabarekin erbesteratu zen Venezuelara. Caracaseko La Salle ikastetxean lortu zuen lana, eta han jarraitu zuen erretiroa hartu arte. Donostiara itzuli zen bizitzera, eta han hil zen 1971ko abenduan. Marcotegui familiaren panteoian lurperatu zuten, Iruñean.
Endika Legarrak bertso bat eskaini zien:
Memorian Delgado
eta Iturbide
hezkuntza ta osasuna
haien ogibide.
Faxismoaren bortxa
latzen bi adibide
sinetsi nahi zutenak
bazela posible.
Faxismoaren bortxa
latzen bi adibide
borroka egin zutenak
izateko libre.
Osasun publikoa
denontzat berdina
hezkuntza laikoa
herritik egina.
Aspaldi behar zela
da ukaezina
omentzea beraien
ta familien mina.
Aspaldi behar zela
da ukaezina
publiko egitea
haien ahalegina.
Nahiz ta lehengo garaia
ez zen segurua
begira orain ere
gure ingurua.
Izan bihotza bero
eta hotz burua
gizarte askea bada
gure helburua.
Izan bihotza bero
gaur Basaburua
oroituz berreraiki
dezagun mundua.
Endika Legarra Nuin
Jauntsarats, 2025-05-18