Energia komunitateen eta autokontsumoaren inguruko saioak eginen dira azaroaren amaiera arte

Amezti.eus 2024ko aza. 12a, 12:34

Jauntsarasko polikiroldegiko plaka berriak

Basaburuko udalak antolatutako saioak dira eta Goienerrek eskainiko ditu hitzaldiak eta tailerrak. Lehenengoa, gaur, azaroaren 12an.

Helburua, plaka konpartituekin eta komunitate energetikoekin herritarren artean autokontsumoa eta energia berriztagarriak bultzatzea da. Horretarako, Basaburuko Udalak Goiener kooperatibaren laguntzarekin batera hiru saio antolatu ditu.

Gaurko saioan faktura irakurtzen ikastea da helburua. Ondoren, energia komunitateen eta plaka konpartituen proiektuen ingurukoa etorriko da, datorren asteartean; eta, azkenekoa azaroaren 26an izanen da.

Bestetik baina gaiarekin lotuta, bukatu da polikiroldegian eguzki plakak jartzeko obra. Autokontsumo partekaturako azpiegitura da eta bertatik Jauntsaratsen dauden udal eraikinak hornituko dira, energiaren aprobetxamendua hobetuz. Obra hau Landa Garapenerako Programaren diru laguntzarekin kofinantzatu da. Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsek (LGENF) eta Nafarroako Gobernuak hornitu dute.