Euskal Herri osoan zehar mugitzen ari zarete Bizkarsoro filmarekin. Igandean Aizarotzeko herrian egingo diren filmaren proiekzioa eta solasaldia adibidez, zuri, zer suposatzen dizute?
Pertsonalki, gure lana gizartean zabaldu ahal izatea, ez bakarrik filma eta edukia baizik eta gure lana bera, gure esperientzia nolakoa izan den, polita da. Filma egiterako orduan, gizartearekin eta herri txikiekin partekatu ahal izatea, eta batez ere, haien ekarpenak jaso ahal izatea, niretzat oso aberasgarria ari da izaten eta oso pozik nago. Hilabeteak daramatzat hau egiten eta oso esperientzia polita ari da izaten.
Zuen nahia izan da Bizkarsoro Euskal Herriko edozein herri bezala irudikatzea. Baina filma Baigorrin eta Arrosan, esaterako, grabatu duzue. Zergatik aukeratu zenituzten bi herri horiek?
Bizkarsoron, fikziozko herri batean gertatzen diren bost istorio kontatzen dira eta guztietan euskararen zapalkuntza forma desberdinetan ematen da. Herri hori Bizkarsoro izatea, eta Iparraldean izatearen arduraduna Josu Martinez da, zuzendaria. Bera da zuzendaria, berak idatzi du gidoia, beraz, erabakia berea izan da. Baina horrek zentzu bat dauka. Josu bizkaitarra da, baina duela urte batzuk Baigorrira joan zen bizitzera, eta familia osatu zuen bertan. Beraz, bertan jaso zituen testigantzen eta esperientzien ondorioz sortu zuen gidoi hau. Horregatik, Baigorrin, Arrosako herrian, Urdozen eta inguruko auzo eta herrietan grabatu da filma. Josu Baigorrira bizitzera joan zenean, topatu zen euskaraz hitz egiten zuen jendearekin, baina euskaraz hitz egiteko blokeo, konplexu edo beldurra zutenak. Eta hortik sortu zuen gidoia, alegia.
Zer nolako antzekotasun izan daitezke Bizkarsoro eta esaterako, Aizarotz bezalako herrien artean?
Herriz herri filma erakusterakoan, eta batez ere, solasaldietan jendeak ekarpenak egin dituenean, ikusi dugu, Bizkarsoro fikziozkoa izan arren, Hegoaldeko edo Iparraldeko edozein herri izan zitekeela. Filmean kontatzen diren gauza antzekoak gertatu dira Euskal Herri osoan zehar. Herri batzuetan mota batetakoak eta besteetan bestelakoak; baina, azkenean, istorio hauetan kontatzen den zapalkuntza hori, seguraski igandean Basaburuan ikusiko dugu bertan ere jendea identifikatuta sentituko dela, eta aterako direla kontatzeko istorioak ere bai.
Noizbait aipatu duzue jendea hunkituta azaltzen dela filma ikusi ondorengo solasaldietan. Zergatik?
Filmean XX. mendeko bost garai ezberdin azaltzen dira. Beraz, batez ere jende nagusia etorri izan zaigu, laurogei urte gorako jendea, gazteak zireneko kontakizunekin. Esaterako, kontatzen, haiek gazteak zirenean bat-batean eskolara joan eta debekatuta zegoela euskaraz mintzatzea. Eta, zigor bat jasotzen zuten euskaraz egiteagatik. Gainera, ikasleak haien artean ere, euskaraz hitz egiten zutenak salatu behar zituzten zigorraz libratzeko. Hori ikusi da Euskal Herriko hainbat tokitan gertatu dela. Bizkarsororen kasuan ikusiko da zer objektu erabiltzen zituzten haurrak zigortzeko. Baina, hainbat herritan kontatu digute adibidez eraztuna erabiltzen zela, edo astoaren belarria, eta harri edo egur bat eskuan eramatea ere. Haur hori baztertzen zuten, ezin zuen besteekin jolastu eta adibidez arbelan idatzi behar zuen 50 edo 100 aldiz, berriro ez zela euskaraz mintzatuko. Eta horren harira, egiten zituzten hainbat komentario ere kontatu digute: “No hables en vasco que se te va a quedar el acento”. Gertakari batzuk buruan oso grabaturik geratu zaizkie herritarrei. Entzun dugu ere, umeetan komunera joateko gogoak izatea baina ez gogoratzea erderaz nola esaten den hori, orduan pixa gainean egin behar zuten. Horrelako gauza asko errepikatu dira, baina ez hori bakarrik, bere garaian, batzuk beldurra zuten euskara ez ote zen izango atzeratua geratuko zen hizkuntza. Adibidez, teknologia edo medikuntza aurrerakuntzak beste hizkuntzetan heltzen ziren, erderaz edo ingelesez. Beraz, Euskal Herrian bere garaian sortu zen konplexu bat, euskaraz mintzatzen bazinen, atzeratuta geratuko zinela.
Gaur egun ikusi dugu hori ez dela horrela. Baina bere garaian gurasoek haien seme-alabak erdera ikastera bidaltzen zituzten atzeratuak ez geratzeko. Edo, haien pentsamendu horretan, soldaduskara joaten zirenean hizkuntzarengatik trabarik ez izateko. 80. hamarkadan ikastolen birsortze horretan egindako lanari buruz entzun ditugu kontakizunak ere bai. Adibidez Nafarroan eta Araban lan handia egin zen, han, euskararen galera handiagoa izan zelako. Eta, nire ustez, horrelako gauzekin sentituko dira identifikatuak Basaburuko herritarrak.
Filmean zapalkuntza hori, XX. mendeko hamarkada ezberdinetan kokatu duzue. Nola ikusten duzu gaur egungo euskararen egoera hamarkada horiekin alderatuta?
Alde batetik gauza asko lortu dira. filmean ikusten da zer zapalkuntza garrantzitsu egon zen, beraz, edozeinek pentsatuko luke euskara gaur egun desagertuta egon beharko lukeela. Eta gaur egun euskara irratian, zineman, telebistan, eskoletan, tabernan, kalean, etxean… erabiltzea, hau da, “libreki” hitz egin ahal izatea, milagro bat dela esan genezake. Hala ere, Josuk esaten duen bezala, euskara salbatu da dirudienez; baina orain ikusi behar da benetan euskaldunak salbatuko diren; ikusiko da orain benetan euskaraz bizi gaitezkeen eta euskaraz bizi nahi dugun. Askok pelikula ikusten dutenean esaten dute euskalduna izatea nekagarria dela, beti borrokan baitaude. Jendeak badauka lasai bizitzeko beharra, euskaraz lasai bizitzeko behar hori, alegia. Filma erakustera eskoletara joaten garenean, eta solasaldiak egiten ditugunean nerabeekin, ikusten dugu “kriston” transmisio etena dagoela. Ez dute ezagutzen 80. hamarkadan ikastolen sorrerarekin gertatu zena. Eta haiek ere Bzikarsoro ikustean harritu egiten dira, baita motibatu ere, zentzua ikusten diotelako euskaraz hitz egiteari. Haientzako euskaraz egin daiteke, edota ingelesez edo erderaz. Libre ikusten dute haien burua nahi dutena aukeratzeko, baina, filma ikusi ondoren, konturatzen dira ez dela berdina erderaz edo euskaraz egitea, euskarak jasan duen zapalkuntzarengatik. Administrazioan adibidez langile euskaldunak egon behar izatea, hau da, “inposaketa” baten bidez lortu izana, lorpen bat da, baina gero kalean jendea euskaraz mintzatuko da, benetan nahi badu. Adibidez, gazteetan ikusi dugu Internet bidez eduki asko kontsumitzen dutela, izan ere, haiei interesatzen zaizkien gauza asko Interneten topatzen dituzte baina beste hizkuntzatan. Orduan nire ustez, hor egin behar da lanketa bat, uste baitut euskara beti gozamenetik bizi behar dela. Eta horretarako adibidez egiten ditugu filmak. Gure kasuan, Bizkarsoro filma egiteko talde osoa ehuneko ehunean euskalduna zen, eta hori ez da ohikoa, ez da inoiz gertatzen. Eta gero, filma euskaraz izatea pantailan ezta ere. Normalean filma euskaldunak nahastuak daude erdera eta euskara artean. Baina kasu honetan, denak ginen euskaldunak eta produktu bat eskaini dugu gizartea euskaraz bizi ahal izateko, aisialditik eta gozamenetik bizi ahal izateko. Eta nik uste hortik jo behar dugula. Pelikulan abestiak agertzen dira, eta ikusi dugu nola musikak ere mantentzen duen hizkuntza bat bizirik, beraz, hortik ere jo behar da. Euskaraz egiten duten musika taldeak sustatu, gazteei begira batez ere, esan bezala, gozamenetik. Korrika festa egiten denean adibidez, ikusten da jendeak bizi duela euskaldun izate hori, gozamenetik ari garelako.
Nola ikusten duzu euskal zinema? Goraldia izan al du?
Bai, zalantzarik gabe. Duela 8 urte, adibidez, Euskal Herrian ez zen zinemaren industria existitzen. Bazeuden pelikula gutxi batzuk. Eta orduan, egon zen garai bat duela 7 urte, Handia egin zela edota guk Errementari egin genuela euskaraz. Hor hasi zen industria hori forma hartzen. Eusko Jaurlaritzak, kasu honetan, ikusi zuen hor indar bat bazegoela, Euskal Herrian apustu egiteko zerbait. Oso garrantzitsuak dira subentzioak pelikula bat egin ahal izateko. Eta gaur egun, pelikula bat euskaraz baldin bada edota euskal kulturari buruz baldin bada, subentzio gehiago edo puntuazio altuagoa lortu daiteke. Guk bere garaian gidoia euskaraz egin eta errodajea heltzerakoan “euskara coach” paper hori jarri genuen, aktoreek euskaraz egiteko, esaterako Gorka Lazkanok egin zuen; eta figura hori geroz eta gehiago ikusten da; lehenago ez zena ikusten.
Diruari dagokionez, normalean filma bat egiteko 2 milioi euro inguru behar dira. Gero, filma bat ganoraz egiteko, 5 milioi, eta hori ez da erraza, ez gaude ohituta. Eta adibidez La Sociedad de la Nieve filmak 60 milioi euro behar izan zituen. Guk Bizkarsoro 150.000 eurorekin egin dugu. Bost urtetan egin dugu filma. Urtero bi, hiru edo lau eguneko grabaketak egin ditugu eta urte bakoitzean 30.000 euro inguru behar izan ditugu. Orduan, oso diru gutxirekin aurrera atera da lana, baina herriaren laguntzarekin. Josu Martinezek Hegoaldetik hartu zituen departamentu bakoitzerako langileak. Ni adibidez arte zuzendaritza egiteko hartu ninduen, baina nire taldekideak bertakoak ziren, Baigorriarrak, eta, zineman lan egiten ez duen jendea. Nik beti esaten dut, Baigorriko jendea oso langilea dela. Eta zentzu horretan haiekin lan egitea “gozada” izan da. Baina ez hori bakarrik, aktore profesional batzuk izan ditugu filmean, baina beste asko herritarrak dira. Filmaren amaieran ikusten da, kredituetan, Baigorriko herri osoari eskerrak ematen zaizkiola, Urdozeko eta Arrosako herriari ere, besteak beste. Musu-truk lan egin duten askok parte hartu dute, bai aktore, bai teknikari edo produkzio lanetan ibili direnak. Josurengandik sortu den proiektua da Bizkarsoro baina herriari esker aurrera atera dena, eta euskaraz. Nik beti esaten dut, Baigorrira joatea opari bat izan da.
Zuk arte zuzendaritza lanak egiten dituzu. Nolako dokumentazio lana egin behar izan duzu bost hamarkada hauek irudikatzeko?
Ni berez arkitektoa naiz eta gero zinemaren munduan sartu nintzen. Eta beti esaten dut gure lana, proiektu bakoitzean oso ezberdina dela. Gurea, dekorazio lana da eta erabiltzen ditugun elementuek istorioari buruz hitz egin behar dute, kontatzen ari den garaiari buruz, aktoreei buruz, emozioei buruz, eta abar. Horren aldeko atmosfera bat sortu behar dugu. Bizkarsoron, Euskal Herriko herri bat irudikatu behar genuen, eta horretarako bageneukan Baigorri. Oso herri berezia da, aitzina zegoen bezala mantentzen dela ematen du, baina aldi berean modernizatua. Hasierako kapituluetan adibidez, 1910. urtetik, 1920. urtera bitarteko urte horiek irudikatzeko batez ere, objektuak estali behar izan genituen, anakronismoak ez gertatzeko. Garaiko espazioak sortu behar genituen. Edo adibidez, hirugarren kapituluan naziak azaltzen dira, beraz, esbastika bandera erraldoi bat zintzilikatu behar izan genuen frontoian. Eta bandera hori, eraiki eta kokatu behar izan genuen. Amaieran bestalde, telefono kabina bat agertuko da eta telefono kabina hori lortu behar da ere bai.
Hori guztia lortzeko dokumentatu beharra dago, eta horretarako liburuetara eta garaiko dokumentuetara jo behar da. Baina batez ere, irudi asko ikusi. Gure lana izan da batez ere, Baigorriko herritarrekin bildu, haien etxeetara joan eta kapitulu bakoitzaren garaikoak ziren objektuak aukeratu. Objektu horiek filmean zehar ikusten dira, adibidez, badago plano bat, mahi bat enfokatzen duena, lehenengo aldiz 1910. urtean kokatzen den kapituluan ikusten dena eta hurrengoa 60. hamarkadan kokatzen denean. Eta hor ikusten da garai batetik besterako ezberdintasuna. Kapitulu ezberdinetan toki berdinak ikusten dira, beraz, bertan ikusten dira ezberdintasunak eta antzekotasunak. Kasu honetan bost hamarkada ezberdin irudikatu behar genituen, bost istorio ezberdinetan oinarrituta, eta beraz, bost urtetan banatu genuen grabaketa. Eta emaitza, jendearekin hitz eginez lortu dugu, dokumentalak ikusiz, Internet bidez... Lana polita izan da urtero talde berdina bildu garelako, 5 filma txiki izan balira bezala bizi izan dugu. Nik beti esaten dut, normalean filma luze bat egiterakoan 8 aste inguru igarotzen dituzu prestaketa lanetan eta beste 8 grabatzen. Nekatuta bukatzen duzu. Baina, kasu honetan, esperientzia atseginagoa izan da, egun gutxitan grabatzen genuen eta pozik amaitzen genuen. Etxera bueltatzen nintzen berriro Baigorrira joateko gogoz. Filma hau egitea oso ezberdina izan da, oso polita.
Anekdotaren bat?
Adibidez, naziak azaltzen diren garai hartako kapituluan, esbastikaren bandera guk prestatu behar izan genuen, erosi ordez, eta ondoren frontoian kokatu. Handik turistak pasatzen ziren eta bandera ikustean argitu behar izaten genuen filma bat grabatzen ari ginela, izan ere, gaur egun argazkiak atera ahal dizkizute… Horrelako gauzak gertatzen dira gure departamentuan.
Bukatzeko, mezuren bat ikusleari?
Pelikulak berak hitz egiten du. Bizkarsoro, dokumentu historiko bat bezala ikusten dut, edota testigantza bezala ere, eta hori garrantzitsua eta baliagarria da. Gauza terapeutiko bat ere izan daiteke euskaldunontzat. Halako gauzak bizi izan ditugunontzat. Epe luzean ezkutaturik mantendu diren gauzak dira, beraz, behin zabaltzen direnean, arima askatu eta lasaitu egiten da.