Aizarozko herritarra den Ruben Ruizek 'Pellokeriak’ ipuin bildumari esker irabazi du 2024ko Mikel Zarate haur literatura saria. Leire Bilbaok, Maribel Aiertzak eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak hartu du erabakia eta 3.000 euroko saria jasoko du. Gainera, Elkar argitaletxeak plazaratuko du liburua.
‘Pellokeriak’, hainbat ipuin laburrez osaturiko kontakizuna da eta denek dute Pello izeneko mutikoa protagonista. Ipuin hauetan gai ezberdinak lantzen dira, esaterako, eskola, familia, bullying-a eta zahartzaroa eta denetan nabarmentzen dira 'umorea eta samurtasuna'.
Lezamako Udalak (Bizkaia) eta Elkar argitaletxeak abiatu zuten sariketa eta aurten, hamaika lan lehiatu dira guztira. Euskal kulturako sortzaile eta sustatzaile izandako Mikel Zarateren omenez, hamalaugarren aldia bete du aurten sariak.
Ruben Ruiz Gasteizen jaio zen, eta Aizarotzen (Basaburua) bizi da gaur egun. Irakaslea da lanbidez, eta hainbat liburu idatzi ditu, horien artean, Anekdotak haur literaturako ipuin bilduma eta Beti mugan abenturazko eleberria.