Eskualdeko haur eskolak

"Dezente bajatu da matrikulazioa haur eskolan"

Amezti.eus 2023ko mai. 31a, 11:00

Jauntsarasko Ttikiena haur eskolako Amaia Legarra eta Iraizozko Xinbili-Xanbalako Maitane Mendibe elkarrizketatu ditugu gaurko irratsaioan. Matrikulazio kanpaina bukatu berritan, dezente behera egin duela kontatu digute.

Xinbili-Xanbalan modulu bat galduko dute, 6 haur gutxiago izanen dituztelako. 0 eta 1 urte bitartekoa beteta izanen dute, 8 haurrekin; baina gero beste modulo bat gehiago izanen dute, 15 umerekin. Horrela, hiru modulutatik bi izatera pasako dira. Maitane Mendibe: "hezitzaile bat galduko dugu eta garbitzaileak ere orduak galduko ditu. Horrek antolakuntza guztiari eragingo dio".

Gainera, plaza bakarra geldituko da ikasturtean zehar bete ahalko dena. Horrek esan nahi du, ikasturtean zehar matrikulatu nahi dutenak, bat baino gehiago badira, eta, batera matrikulatzen ez badira, kanpoan geldituko direla. Gogoratu behar dugu haur bat matrikulatzeko gutxienez 4 hilabete izan behar dituela.

Ttikienan bi moduluak mantenduko dituzte baina haur gutxiago izanen dira datorren ikasturtean. Amaia Legarra: "19rekin hasi ginen eta hori pila bat da guretzako. Orain 16 dira eta horietatik 9 eskolara pasako dira. Matrikulatzeko 8 eskaera jaso genituen baina 5 matrikulatu dira". 12 haur izanen dira, beraz, baina horrek bi moduluak mantentzea ahalbidetuko ditu.