1995ko lege batean oinarrituta, bazkalondoren eskolaz kanpokorik edo klaserik ez dutenak ez dute dirulaguntzarako eskubiderik, udalak azaldu digunez. Orain arte, garraiatu guztiek dirulaguntza jaso izan dute. Esther Lakasta, alkatea: “Sorpresa izugarria izan da. Astebeteko tartearekin abisatu ziguten, eta Ordutegia jardunaldi jarraiera aldatu denean ez da ondorio horren berririk eman. Larraintzarko Institutuan gauza bera gertatu da: izurritearen ondorioz institutuetan jardunaldi jarraia jarri zen dekretuz. Orain erabaki behar zen mantentzen zen edo ez, kontsulta egin ziguten ea nahi genuen ordutegia aurreratu. Orain arte, zentroak bi etapa hartzen dituenez, garraioa haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako ikasleek partekatzen zuten. Aurten lehen aldiz Basaburuko ikasle guztiak autobus bakarrean garraiatzen dituzte eta Hezkuntza Departamentuak esan du DBHko Basaburuko gazteek ez dutela eskubiderik jantokirako dirulaguntza jasotzeko, denak autobus berean bueltatzen direlako”.
Garraioarengatik ere oso haserre agertu zaigu alkatea: “batxilergo eta lanbide heziketako ikasleen garraioa erregulatzeko Dekretu bat atera da. Baina baldintzei erreparatuz gero, berehala ikusten da landa eremuko ikasleek, beste behin ere, zailagoa dutela. Hiri eta herri handietako ikasleen neurrirako legea da, ezartzen dituen irizpideek ez baitituzte landa eremuko ikasleen ezaugarriak aintzat hartzen. Adibidez, batxilergoko gazteek garraioa izateko irizpideetako bat batxilergoko bederatzi gazte instituto berera joatea da. Esaidazu nola den posible hemen dugun populazioarekin. Aurten, eta inoiz baino gehiago dira, 16 dira osotara. Bederatziri autobusa antolatu diete Aizaroztik (Beruete eta Arraraskoek bere kabuz joan beharra dute Aizarotza), baina gainontzeko zazpiei, ez. Eman diguten irtenbidea autobusa Irurtzunen hartzea da” . Eskaintzen duten konponbidea “banakako diru-laguntza” da. Sos gutxi batzuk eman eta hor konpon! Hain zuzen ere, laguntza horiek garraio publikoa duten herri eta auzoetarako balio dezakete, baina ez gurean.
Despopulazioaren kontra lan egiten ari direla esaten duten bitartean, despopulaziora bultzatzen gaituzten neurriak hartzen ari dira”.
Hain zuzen ere, horrelako neurriekin landa eremuko hustutzea gelditzea ezinezkoa dela salatzen du udalak: “Oso haserre gaude gurasoak, udala eta herritarrak orokorrean. Despopulazioaz hitz egiten dute eta gero horrelako neurriak hartzen dituzte. Irizpide bakarra aurreztea da, gure gazteen lepo. Eta gero ikerketak egiten dituzte despopulazioaren inguruan...bitartean dugun laguntza bakarra kentzen dute. Hiriaren betaurrekoekin hartutako neurriak dira”.