Amaitu da Ultzamako pilota goxoko txapelketa

Amezti.eus 2022ko mai. 30a, 12:22

Martxoan hasi zen pilota goxoko txapelketa, sei urte ondoren Ultzaman berreskuratu dutena, eta ostiralean izan ziren finalak. Uztaila hasieran Gartzarongo pilota txapelketak hartuko dio erreleboa.

Oskoz anaiek irabazi zuten lehenengo mailan, 22 eta 10 Bereau eta Mindegiaren kontra. Bigarren mailan, bestalde, Gelbentzu anaiak gailendu ziren Berasain eta Etxeberriaren aurka, 22 eta 15.

 

Sei bat urtez antolatu gabe izan dira Ultzaman, baina gazte batzuen ahaleginekin berreskuratu dute pilota goxoko txapelketa. Larraintzarko Ander Arbilla izan da txapelketa bultzatu duenetako bat: “Ultzamako kirol koordinatzailearekin izan nintzen eta kontatu nion nola lehen egiten zen eta berreskuratzeko ideia genuen”.

 

Bi mailako partidak antolatu dituzte, lehenen mailakoak eta bigarrenekoak, eta parte-hartzearekin oso pozik daude antolakuntzatik. Ander Arbillaren hitzetan, “lehenengo mailan 10 bikotek eman dute izena eta bigarren mailan beste seik edo zazpik. Oso pozik daude”. Horregatik, datorren urtean berriz errepikatuko dutela argi daukate, eta urteetan mantentzea da asmoa. Lehen aldiz izan den horretan gehiegi ez dela zabaldu eta hori ikusleen partetik nabaritu dela uste dute, baina pozik daude hurbildu den jendearekin.

Ondoren, Uztailaren 2an, Gartzarongo pilota txapelketa hasiko da eta dagoeneko zabalik da izen ematea, ekainaren 20ra arte. Ohiko mailatan apuntatu daiteke: umeak (alevines, 2010ean eta 2011n jaiotakoak),  haurrak (infantiles, 2008an eta 2009an jaiotakoak), gaztetxoak (2006an eta 2007an jaiotakoak), gazteak (2004an eta 2005ean jaiotakoak), neskak (13 urtetik gorakoak, pilota kadete mixtarekin) eta helduak (2004atik aurrera jaiotakoak). Izena emateko: tokialaipilota@gmail.com edo telefonoz: 659 443 664 (Mikel).