Mobilizazio asteburua izan da Nafarroa osoan, 0-3 plataforman bildutako haur eskoletako langileek deituta. Gure eskualdean ere antolatu dira protestak. Ostiralean elkarretaratzea egin zuten Larraintzarko frontoi parean, 16:30ean.
Duintasuna eskatu dute beste behin ere, haur eskoletako langile eta umeendako. Hauek dira Nafarroako Gobernuari eskatzen diotena:
- Ratioak jaistea (egun Europan dituzten bikoitza dira: 0-1 urteetako zortzi haurrendako hezitzaile bat; 1-2 urteko hamabi haurrendako hezitzaile bat; eta, 2-3 urte arteko hamasei haurrendako hezitzaile bakarra).
- Udalendako finantzaketa moduluak handitzea.
- Doakotasuna eta unibertsaltasuna gainerantzeko hezkuntza zikloetan bezala.
- Nahi den hezkuntza modalitatea aukeratu ahal izatea.
Urteak daramatzate aldarrian, baina joan den urtean erabaki zuten borroka publikoki ikustaraztea. Horrela, ostegunetan kamiseta horiarekin janzten dira borroka ikur bezala, Nafarroako Parlamentuaren aurrean bilkurak egin dituzte, idatziak bidali dituzte prentsara...
Salatzen dutenez, Nafarroako Gobernuak ez du promesarik bete eta, horregatik, 2022an mobilizazioak areagotuko dituzte. Greba egitea ere baloratzen ari dira.
Hain zuzen ere, plataformatik azaldu dutenez, 0-3 auziaz arduratuko zen lantalde bat osatuko zuela esan zuen gobernuak. Gainera, aurrekontuak onartzeko EH Bildurekin sinatu zuen akordioan haur eskolen aldarrikapeneei erantzuna ematen zioten bost puntu onartu zituzten. Ez dute ezta bat ere bete. Eskualdeko haur eskolek herritarren babesa eskatu dute eta mobilizazioetara batu daitezen. Hurrengo elkarretaratzea martxoaren 26an izanen da.