Basaburuko industriagunea bidean da

Amezti.eus 2022ko ots. 15a, 14:21

Beramendi eta Itsaso herrien artean jarduera ekonomikorako gune bat sortuko du udalak, "tokiko garapena bultzatu eta Basaburuan lan eta bizitzeko aukerak handitzeko" asmoarekin. Udazkenerako bukatu nahi ditu eraikuntza lanak.

Basaburura egokitutako poligono txikia izatea nahi izan du udalak. Horrela, 27.167 m2 izanen ditu eta faseka, pausoz-pauso eraikitakoa izanen da. Lehen fasean 7.500 m2-ko eremua urbanizatuko litzateke, sei partzela. Zazpigarren partzela bat beharren arabera handitzeko izanen da (5.800 m2).

Gainera, inpaktu paisajistikoa murrizteko nabeek 8,5 metroko altuera izanen dute gehienez, eta bi solairukoak izanen dira. Eraikinek kolore txuria eta bi isurialdeko teilatu gorrixka izan beharko dute, eta Beramendira eta errepidera aldera gunea zuhaitzez inguratuta egonen da. Gaur egun, larrea zuhaitz amerikarrez osatuta dago eta horiek moztea aurreikusita zegoen.

Epeei dagokionez, obren lizitazio lehiaketa apirilean abiatuko du udalak eta eraikuntza lanak ekainetik udazkenera izatea nahi du. Gune berrian lursail bat erosteko interesa duenak 948 50 30 35 telefonora deitu edo udala@basaburua.eus idatzi dezake. 

Bestetik, herritarren eta eragile sozialen ekarpenak jaso nahi du Basaburuko Udalak. Horretarako batzar informatiboa deitu du ostegunean, otsailaren 17an, 19:00etan, Apeztegiberriko ganbaran.

Proiektuaren inguruan gehiago jakiteko, Basaburuko udalaren webgunean informazio gehiago: http://basaburua.eus/eu/beramendiko-industriagunearen-garapenerako-herritarren-parte-hartze-plana/