PULUNPEKO EDUKIAK

[ASPALDIKO KONTUAK] Ihabengo notariotza, notarioen etxeak XVIII. mendean

Txurdan 2022ko ots. 14a, 13:49

Hemengo notariotzarik printzipalena, Ihabengoa, 1550. urtean sortu zuten eta XIX. mendearen bukaeran hertsi. Gure alderdi guzia harrapatzen zuen, Larraun jo artio. XIX. mendean berrantolaketa bat egin zen eta Lizasokoa sortu zen, Ihabengoarengandik bereiziz. 1829. urtean etorri zen Lizasora lehen eskiraua. Hemen, Txurdanek Pulunpen Ihabengo notorietzaz kontatutakoa. Gehiago jakin nahi duenak audioa entzun ere, entzun dezake.

Bukatu ere bukatu, XIX. mendearen azken urtetan bukatu ziren Ihabengoa eta Lizasokoa, Lekunberrikoari atxiki zitzaizkiolarik.

Ez hain aspaldi artio Notarioei euskaraz eskribauak edo, hobeki esan, eskirauak esaten zitzaien. Gaur, XVIII. mendeko notarioen etxeen fotografiak ekarri nahi izan ditugu, askotan notario edo eskirau hauen etxeak ez baitziren nolanahikoak. Gehientsuenak teilatua lau aldeetara duten etxeak dira, Jauregi askok bezala. Etxe ederrak eta arkitektura aldetik esanguratsuak gehientsuenak. Ihabengo Jauregia etxearekin hasiko gara.

 

 

Ihabengo Jauregia

Etxe honek, herri aldera ematen duen etxe-aurrea, XIX. mendearen bukaeran edo berritua du. Pobre samar edo oso pobre ageri zaigu kanpotik. Leihoak handitu argi gehiagoren bila, baina izkinak harri landu gabe ageri dira. Armarria bera ere ia ikusezina da, paretan sartua beste harri bat bezala, batere nabarmendu gabe, ez etxe oneko jaunei gustatzen zitzaien bezala eta gure herrietan ikusten diren bezala. Konponketa hau izan ote liteke notario batek egina? Ez dirudi. Jauregi honen etxe-aurre hau seguru orain baino ederrago zela.

Etxe-aurre hondatu honi kontrajarriko genioke ezker aldeko etxe-aurrea, nahiz ate bat tapatu zioten eta balkoiak eta abar erortzera utzi, eder ageri oraindik ere; berreskuratu daitekeena, alegia.

Bestalde, beheko solairuan ere baditu leiho handi batzuk, bertan izan baitzen eskola (Ihaben, Itsaso, Udabe-Beramendi eta Jauntsaraskoa) XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran.

Eta barnea nola ageri zaigu? Barnean ere ageri dira konponketak baina jauregi baten zantzu nabarmenak ageri ditu oraindik ere. Hor ditugu eskailerak adibidez.

Aipagarri iduritzen zaigu, komunarena. Jauregi hauek komuna izaten zuten, eta honetan, ur zikinak etxetik ateratzeko ubidea oraingo jabeek obretan ari zirela opatu zuten, harri landuz ederki egina. Bai, etxe galanta izan zen hau, eta oraindik ere hor ditu hainbat elementu arkitektoniko eder.

 

 

Ihabengo Jauregiko notarioez bi zertzelada

Bederatzi notario izan ziren etxe honetan, lehena 1663an izendatu zuten, dirudienez, lehen sinatu zituen dokumentuak urte horretakoak baitira. Orokieta y Yaben zuen deitura eta hala segitu zuten luze. Ia erreskan zazpi izan ziren, Orokieta eta Yaben. Zortzigarrena Faustino Etxenike, notarioa, Beratatik etorri zen nagusi etxe honetara, bertako alaba zen Maria Manuela Orokieta eta Yaben Etulainekin ezkondu zenean. Eta bederatzigarren eta azkena, hauen semea, Tomas Etxenike Orokieta eta Yaben. Entzun izan dugunez, jokatzailea zen eta etxaldea jan zuen, eta ez nolanahikoa, alajaina! (Ihabenen Jauregia, Etxeberria eta Larrañekoa, Itsason Errandonea eta Orokietan Arotzenea, ondasun handia) Honek hondatu ote zion etxeari goiti aipatu dugun etxe-aurre hori? Ez zait iduritzen, ondorengo jabea izanen zen aurki.

 

 

 

 

OHARRA 1: Orokieta hauek Orokietako Iriartean dute jatorria, eta Ihabengo Jauregia Saratsako jaunari erosi zioten XVI. mendearen hasieran, eta urte askoren ondoren egin zuten alda Ihabena, 1560.ean edo, gutxi goiti-beheiti.

OHARRA 2: Aipatu ditugu bederatzi notario izan zirela, baina Ihabengo notariotza izan baino lehen Orokieta familia honetako buru bat notarioa izan zen Iruñean, Miguel Perez de Orokieta y Albiasu, 1572. urtean sortua.

Bestalde aipatu gabe ere ezin utzi, apez franko ere izan zela etxe honetan.

Txurdan

Hiztegia

Notariotza: Notariado

Eskribaua=Eskiraua: Escribano edo Notario.

Teilatua lau aldetara=lau isuriko teilatua

Esanguratsua: significativo

Mendea: siglo

Jauregia: palacio. Ihabengo honek izen hori du gainera.

Etxe-aurrea= fachada

Erreskan: segidan

Alda: mudanza (etxez aldatu)