PULUNPE

Aspaldiko kontuak: hemengo bertsolariak. Apezeneko bertsolari sokaz zerbait

Amezti.eus 2022ko urt. 21a, 18:02

Txurdanek Pulunperako idatzitako Apaldiko Kontuak atalaren azkenekoa. Pedro Juan Ezkurrari buruz, Orokietako Apezeneko nagusiari buruz. Bere bilobarekin, Euxebio Ezkurra Egirekin izan da hari buruz hizketan, eta hemen dituzue entzungai Euxebio Ezkurraren ahotsean Pedro Juan Ezkurraren bertsoak. Baita Pulunpen argitaratutako artikulua irakurgai ere.

Orain hiru urte Pulunpen, Sasuan zenaz, Antonio Ziaurritz bertsolariaz idatzi genuen eta honek nolako joera zuen Suarbera joatekoa, bertan bere gisako batzuekin biltzeko ostatuan, kantuan edo bertsoan aritzeko. Horietako bat Pedro Juan Ezkurra dugu, Orokietako Apezeneko nagusia, Sasuanek zioenez:

Gizon propie da-ta

Errespetokoa,

Ez ttiki t’ez aundi

Neurri onekoa;

Eta Pedro Juan bertsolaria zela jarri genuen, baina geroztik ikasi dugunez, dirudienez behintzat, zalea gehiago zen. Honek, igande batez, elizarako bidean polainak galdu eta Sasuanek bertsoak jarri zizkion.

Eta Ezkurrak bai erantzun ere, baina ez dakigu zer dela eta, erdaraz erantzun zion. Bertso horiek galduak dira zatitxo hau ezik:

“Con veinticinco botones

polaina ha perdido”

En mi tiempo polaina

no he perdido.

Con lo que llevé a fuera

a casa he venido.

Hanka luze eta hanka motz, denetik da hor. Ez, ez dirudi bertsolaria zenik hau.

 

Ultzamarrei bertsoa

Beste behin, ultzamarrak ehizan Basaburua aldean eta erbiak ihesi egin.

Pedro Juan Ezkurrak Orokietako bertsolariak ikusi eta Orokietan barna pasatzerakoan hara zer bertso bota zien leihotik:

 

Ultzamako izturiek

Famatuek dire.

Tiratzen kusi ttugu

Hirutatik bide.

Nekez oartu diote

Eskopetari mire.

Basaburuko erbiek

Ligeroak dire.

Egun hartan dirudienez Ultzamako “izturi” famatuak ez ziren fin ibili.

 

Beste bertso batzuk: Orokietako behorrarenak.

Orokietar batek behorra, markarik gabea, oihanean ibilki eta Ilarregiko aziendadun batek, berea zuelakoan etxera bildu, eta primaderan saldu gizendu ondoren.

Hala kontatu digu Euxebio Ezkurra Eugik, Apezeneko nagusiak eta Pedro Juanen bilobak:

“Iokitako bior bat ustez beena zen saldu ziten Illarreitik”…“e’tzin dui’kabe markaik eta…; yuse e’tzin ta..” “besten biorra saldu”…“eta esan zioteken Pedro Juani eta honek bertsoak patu zittioteken”

Polliki samar aritzen zen bertsotan Euxebioren aitatxi eta honela jarri zituen:

1

Belar berriak sendatzen ditu

beor aularen ajiak.

Indarra zerbait hartzen dunian

baita mudatu trajiak (1)

Ultzaman ezin ezaguturik

aurten bakoitzek beriak,

zerbait deskuidu pasatu dala

diote bertsolariak.

 

2

Orokietako beor polit bat

saldu da Illarregitik.

Horra gizona engaiñatua

naiz sano egon burutik.

Jende formalak konpontzen dira

beste asko baiñan hobeki.

Kondukta ona izan ez balu

pagatzen dittu larrutik.

 

3

Berriz holako deskuidorikan

Ultzaman pasa ez dedin.

Medio onak nola diraden

dakienari galdegin.

Lege zarreko estiloa da

etxeko marka belarrin,

herriak berriz izena zer dun

maiskula bat epurdin.

Arrunt ongi kantatu dizkigu Euxebiok bertso hauek. Hori bai, hemengo bertsolariek Gipuzkoara begiratzen zuten eta oraindik ere bai, eta hango bertsolarien moduak edo kopiatu nahi izaten zituzten edo dituzte. Aise antzemanen diozue.

 

Pedro Juan Ezkurra ote zen gure bertsolaria?

Pedro Juan Ezkurra Orokietan sortutakoa dugu, Juan Jose Ezkurra Juarbe eta Francisca Azkue Erzillaren semea. Aita Orokietakoa eta ama gipuzkoarra, Aiakoa, nahiz ttiki-ttikitatik hemen bizitutakoa izan.

Kontu hau garbitze aldera, Pedro Altsua Urkiolarekin egon ginen galdezka ea nor zen Pedro Juan. Hara zer esan zigun:

“Nire atautxie zen eta jaunartzekoan ere bai. Eta trajea erregalatu zidan, traje beltza, gero’re ibili nuena”

“Pedro Juan zen, gizon bat elegantea, jolastune, denekin aritzea gustatzen zitzaiona, errespetuko gizona, mezan-eta”

“Ez, Pedro Juan ez zen bertsolaria, bere anaia bat zen, -ez dakit nola zun izena- “

Apezeneko Eusebiorengana berriz galdezka hurbildu gatzaizkionean, oraingoan esan digu Pedro Juan ez zela bertsolaria, nahiz bertsozalea izan. Pedro Juanen aita ote zen dio. Erdarazko bertsoak bai badirela Pedro Juanenak.

 

Apezenetarren bertso sena

Pedro Altsuaren kontakizunari jarraituz:

“Pedro Juanen semea, Juan Cruz, Apezenean nagusi gelditu zenari ere bertsoak eta kantuak asko gustatzen zitzaizkion. Beti kantari aritzen zen. Bestek egindako bertsoak, denak burun hartzen zittun. Mezan ere hura zen jefea. Nolako boza zun! Eta e’tzen ikaatzen. Harrek ze kantatzen zittun! Andriak, Clarak, erraten zion:

-Jainkoan izenian, zaude ixilik! Beti kantari ai’za ta!

-Ne osasune hori da! –kontestatzen zion”

Hor dugu Apezeneko soka: Pedro Juan edo bere anaia lehenik. Gero, Pedro Juanen semea, Juan Cruz, bertso eta kantuzale porrokatua. Eta orain, berriz, Eusebio Ezkurra, hau ere bertsozalea eta bertsolaria. Jende aurrean ere behin edo behin aritutakoa. Bai, bertsotarako duen abilidadea ez diogu inola ere ukatuko.

Txurdan