Gaur hasi dute ikasturtea Oihanzabalen eta Larraintzarko eskolan

Amezti.eus 2021ko ira. 8a, 15:00

Nafarroako eskoletako haur eta gaztetxoek gaur hasi dute 2021-22 ikasturtea. Gure eskualdean, Jauntsarasko Oihanzabal eskolan eta Larraintzarko ikastetxean ikusi ditugu ikasleak oporretatik bueltan. Koronabirusari dagokionez, iazko antzeko neurriak izanen dituzte ikasturte hasiera honetan ere.

Ikasle batzuk pozik eta beste zenbait lehen eguneko alferkeriarekin, guztiek egin dute bat gaur berriz ikasgeletan. 56 ikasle matrikulatu dira Oihanzabal eskolan aurten, iaz baino bost gutxiago. Hiru burbuilatan banatu dituzte, iaz bezala: Haur Hezkuntzakoak alde batetik, Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailak bestetik, eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak azkenik. Irakasleei dagokionez, aurreko urteetako lau mantendu dira; besteak, aurten iritsi berriak dira. Lehen eguna arinxeago egiteko eta eguraldi bikaina egin duela aprobetxatuz, inguruko basoetatik ibilaldia egin dute Oihanzabalgo ikasleek. 

Larraintzarko eskolaren kasuan, berriz, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan 162 ikasle matrikulatu dira, eta DBHn berriz, 121. Lehen egunetan egokitzapena eginen dute bertan, txangoak eta bestelakoak antolatuz. DBHko ikasleek, lehenengo aldiz, 'zero proiektua' izendatu duten proiektua abiatu dute, egokitzapena egiteko.