Turismoa, eskualdean

Izarpe kanpina beteta izan da uztailaren 10etik, nahiz eta izurriteak jarraitzen duen eta eguraldia ez den hoberena izan. Eta, orokorrean, mugimendua nabaritu da gurean uda honetan.

Izarpe kanpina, beteta

 

Lanez gainezka ibili dira uda honetan Izarpe kanpinean. Uztailaren 10etik honera guztiz beteta egon da, eta astebururo lekurik gabe gelditu dira udaberritik honera. “Gauza gutxi izan dira hoberako izurritean, baina bat bai: jendeak hurbileko tokiak ezagutzeko aukera izan duela, eta guk kanpinean nabaritu dugu. Nafarroako jende asko etorri zaigu.”. Esan digu Marta Gastonek, arduradunetako batek. Eta, gaineratzen duenez, badirudi aire librean egin daitezkeen jarduerak nahiago dituela jendeak, izurritearen ondorioz, eta horregatik ere, gero eta gehiagok kanpina aukeratzea du oporretan. Aldi berean, geroz eta furgoneta eta karabana gehiago ikusten dira, baieztatu digutenez.

 

Hau laugarren uda izan da Izarpe kanpina ireki zutenetik, eta esan daiteke egonkortu egin dela: “nabaritzen da jendeak ezagutzen gaituela honezkero, baditugu errepikatzen duten bezeroak. Hau lan gehien izan dugun uda da, eta nik uste hemendik aurrera horrela izanen dela”. Horren seinale, egin dituzten hobekuntzak eta eginen dituztenak ikasturtean zehar: glampineko bi etxetxorekin hasi ziren, eta orain bost dituzte.

 

Nafarroako jendea hurbildu zaiela esan dugu, baina baita Euskal Herrikoak eta penintsula osotik, batez ere, katalanak. “Dena den, aurten ere, kanpotarren falta bota dugu. Nik uste dut izurritearen beldur garela gure herrialdeetatik ateratzeko, eta hori sumatzen da. Hala ere, urtero etortzen diren belga batzuk ditugu”.

 

Izurriteak, gainera, urtero egiten zituzten festak egiteko aukera ere kendu die. Hala ere, terraza aurretik zutenez, gainontzekoei baino pixkat gutxiago eragin die Covidak, ez baitute luze itxi behar izan. Baina behatzak gurutzatuta dituzte ea pandemia azkar pasatzen den: “Barbakoak, ihoteak, halloween festak, jai izugarriak antolatzen genituen hemen, kanpineko bezeroei bakarrik ez, Atezko herritarrei zuzenduak. Ea laster horrelakoak berriz egiteko aukera dugun”.

 

Horrelako festa handiak ez, baina programa kultural oso bat antolatu dute uda honetan, kontzertuez eta zirko ikuskizunez osatuta. “Behin horrelakoak antolatzen hasi ginela, hainbat eta hainbat taldek eskaini digute gurean jotzea, beraz, irailean eguraldi ona egiten badu, gehiago eginen ditugu”, azaldu digu Gastonek.

 

Ondoren, udazkenean eta neguan, urtero bezala, berrikuntzak eta hobekuntzak egiteko tartea hartuko dute: “Lorategi lanak, batez ere. Zuhaitz eta landare gehiago landatu…”, esan digu Marta Gastonek bukatzeko.

 

Beuntzan, jende bila

 

Sukaldean laguntzeko norbaiten bila ari dira Beuntzako Ostatuan, Paula Arnaizek, bere arduradunak, baieztatu digunez, gauzak hobera egiten ari direlaren seinale.

 

Arnaizek udazkenean eginen du urtebete Beuntzako Ostatua hartu zuenetik. Ez zuen zorterik onena izan, zabaldu eta berehala, izurritearengatik, gobernuak tabernak ixteko agindu zuen. Udaberrian zabaldu zuen berriz ere, eta orain, bere proiektua osorik martxan jartzeko gogotsu dago. Izan ere, ostatuaz gain, bertan duen erabilera anitzeko gelan tailerrak eta hainbat jarduera egiten hasi da.

 

Beuntzako ostatuan, gainera, webgune berria estrenatu berri dute, eta bertako informazio guztia duzue hemen: https://posadabeunza.com/

 

Lekunberritik, gurera

 

Lekunberriko turismo bulegotik esan digutenez, bertara hurbildu zaizkienetatik gutxi batzuk Basaburuan, Imotzen eta Ultzaman hartzen dute ostatua. Ultzaman lo egin zuten Lekunberriko bulegora gerturatutako guztien %1ak uztailan eta abuztuan. Dena den, bulegoa jaso zituztenen gehiengo batek, Basaburuan egin zuen lo, ekainean %5ak. Ondoren, %1ak uztailean;  eta, %2ak abuztuan. Imotzen, %1ak ekainean eta uztailean; eta, %3ak abuztuan.

 

Lekunberriko turismo bulegoak jasotako daten arabera, turista kopuru berdintsua izan da aurtengoa, pasa den urteko datuarekin alderatuta. Guztira, 5268 pertsona etorri zaizkie Lekunberriko bulegora, pasa den urtean baino 130 gutxiago, gutxi gorabehera. Mugen irekieraren ondorioz, hori bai, pasa den urtean baino atzerritar bikoitza: 65 izan ziren 2020an, eta 130 izan dira 2021 honetan. Gehiengoa Frantziatik etortzen da, eta, pasa den urtean ez bezala, uztailean abuztuan baino gehiago izan dira.

 

Euskal Herritik, Nafarroatik bertatik datoz gehienak. Ondoren, Gipuzkoatik eta Bizkaiatik, batez ere. Gainera, Bartzelonatik datozen turistak ere nabarmenak dira.