Kolonbiako bi kideren hitzaldia izanen da ostiralean Jauntsaratsen

Amezti.eus 2021ko uzt. 21a, 12:47

Basaburuko Basandereek hitzaldia antolatu dute Jauntsarasko Apeztegiberriko ganbaran Kolonbiako azken hilabeteetako protestak eta hango emakumeen errealitatea azaltzeko. Alexandra Bermudez eta 'Kolonbia aurrera' taldeko beste kide bat izanen dira solasean ostiralean, uztailaren 23an, arratsaldeko 19:30etatik aurrera.

Hauxe da Basandereak taldetik zabaldu duten oharra:

"Poliziaren gehiegikeriak ez du mugarik izan Kolonbian egiten ari diren protestetan.Hilketak, atxiloketa arbitrarioak, torturak eta desagerpenak egunero gertatzen dira. Emakumeek sufrimendu bikoitza pairatzen dute testuinguru horretan; sexu-jazarpena, ukituak eta tratu krudel eta iraingarriak Estatuko segurtasun-indarren aldetik.

Mende erdi baino gehiagoko gerrak betikotu du emakumeen gorputzen aurkako indarkeria eta indar publikoak inpunitatez jokatzen du.

Mehatxatua, erasotua, abusatua, desagertua, eraila. Horiek dira emakumeek beren egunerokotasunetik ezabatu nahi dituzten hitzak. Hori lortzeko, "Ezta bat gutxiago ere!" oihuak Kolonbian jarraituko du.

Basaburuko Basandereok elkarteak Kolonbiako emakumeak entzutera gonbidatzen zaituzte. Alexandra Bermúdez errefuxiatua eta “Colombia aurrera” taldeko beste kide baten ahotsaren bidez egingo dugu".