Asteburu honetan hasiko da Gartzarongo XXXVI. Pilota Txapelketa

Amezti.eus 2021ko uzt. 16a, 09:52

Larunbatean hasiko da Gartzarongo Toki Alai elkarteak urtero antolatzen duen pilota txapelketa. XXXVI. edizioa izanen da aurtengoa, eta 157 bikotek eman dute izena: umeen, haurren, gaztetxoen eta helduen mailan 32na bikotek, gazteenean 24k eta neskenan 5ek.  Nafarroako Gobernuaren eta Imozko eta Basaburuko Kirol Batzordearen laguntza ere jaso du elkarteak kirol-ekimenaren antolakuntzan.

Larunbatean arratsaldeko 16:00etan hasiko dira partidak Gartzarongo frontoian. Umeen mailan Irurtzungo Ruiz de Erentxun eta Gorria Getariako Juaristi eta Alvarezen aurka arituko dira; haurren mailan, Lodosako Mues eta Etxeberria Burlatako Astiz eta Alzuetaren aurka; gaztetxoen mailan, Oiartzungo Etxeberria eta Mitxelena Burlatako Urmeneta eta Uhalderen aurka; eta bukatzeko, helduen mailan, Uharteko Yoldi eta Beroiz Atarrabiako Lakabe eta Bidaurretaren aurka.

Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, koronabirusaren aurkako neurri guztiak hartuko dira pilotari nahiz ikusle guztien segurtasuna bermatzeko. Dena ongi bidean, txapelketa urriaren 23an bukatzea aurreikusten dute.