Elkarrizketa

Nafarroako emakume bertsolarien ahotsak jaso dituzte 'Gure aldetara' diskan

Nafarroako Bertsozale Elkarteak bultzatuta, emakume bertsolarien bertso-sortak eta ahotsak biltzen dituen diskoa osatu berri dute: GURE ALDETARA. Nafarroako emakume bertsolariak. Gure kultura ondare diren bertso-sorta idatziei bultzada eta Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa ematea izan dira proiektuaren helburuak. Joana Ziganda elkarrizketatu dugu gaurko saioan.

Izan ere, bertsolari oskoztarra diskako parte hartzaileen artean dago, eta pasa zen urtean zendu zen Luzia Goñi aizaroztarraren zenbait bertso eta esaera ere bildu dituzte lanean. Diskaren izenak berak ere, gure aldetara, Goñiren aipu batean du jatorria. Banaka zein taldean eta ahotsez nahiz musikaz lagundutako 14 abestik osatzen dute diska. Gai librekoak izanik ere, genero perspektibatik eta feminismotik idatzitako bertsoak direla jakinarazi dute proiektuaren egileek. Ostiralean, ekainaren 11n, eginen dute lanaren aurkezpen publikoa Barañaingo Kultur Plazan.