Aralar Musika Eskolan matrikulatzeko aukera, ekainaren 6a arte

Maiatzaren 24tik ekainaren 6ra, 2021-2022 ikasturteko matrikulazio kanpaina abian du Aralar Musika Eskolak. Herriko udaletxean edo online bidez eman daiteke izena, eta informazio gehiagorako aralar.org webgunea eta 672 122 472 telefonoa dituzte eskuragarri.

Eskolaren eskaintzari dagokionez, lau urtetik aurrera has dezakete ibilbidea haurrek: sei urte arte haur hezkuntza ematen dute, eta zazpi urtetik aurrera, berriz, instrumentua aukeratu dezakete. Gaur egun zortzi tresna dituzte aukeran: akordeoia, pianoa, gitarra, trikitixa, zeharkako-xirula, bateria, txistua eta saxofoia.

Tresnaren praktikarekin batera, lengoaia musikala ere egiten dute zazpi urtetik aurrerakoendako. Besteak beste, kantu formatuko koruak eta txistu taldeak dituzte martxan. Javier Irigoien zuzendariak azpimarratzen duenez, klaseak pertsonalizatuak dira, eta beraz, edonork eman dezake izena eskolan, edozein dela bere adina.

Aurtengo ikasturte bukaerako kontzertuak

Urtero bezala, ikasturte amaieran ikasleen kontzertuak izanen dira Aralar Musika Eskolak hartzen dituen eskualde desberdinetan. Gurean, Ultzaman ekainaren 8an izanen da, arratsaldeko 19:00etan Larraintzarko eskolako patioan, eta Jauntsaratsen, berriz, ekainaren 10ean, ordu berean eskolako patioan.