Lehen arretaren defentsarako elkarretaratzeak 12:00etan izanen dira

Amezti.eus 2021ko api. 29a, 09:21
Apirilaren 28ko elkarretaratzea

Jauntsarasko Osasun Etxearen parean egin dituzte asteazkenero martxotik hona. Maiatzean elkarretaratzeekin jarraitzea erabaki dute herritarrek, baina 12:00etan izanen dira hemendik aurrera.

Martxoaren 17an Nafarroako Osasun Plataformak deituriko mobilizazioetara batu ziren Basaburuko herritarrek, eta, geroztik, asteazkenero-asteazkenero egin dute elkarretaratzea Jauntsarasko Osasun Etxearen parean. Lehen arretak aspalditik pairatu eta izurriteak areagotu dituen murrizketen kontra biltzen dira; Telefono bidezko arreta jartzen dute murrizketen adibidetzat, izurritea pasatu ondoren hura mantentzeko asmoa agertu baitu gobernuak; eta, besteak beste, herritarrek jasotzen duten arreta hobetuko duen Osasun Etxeetako langile kopurua handitzea eskatzen dute.

Martxoan eta apirilean 11:00etan egiten zuten elkarretaratzea, Nafarroako Osasun Plataformaren deialdia errespetatzeagatik. Horretarako Jauntsaratsen Basadinetik antolatzen dituzten Yoga klaseak aurreratu zituzten. Orain, maiatzetik aurrera 12:00etara pasatuko dituzte bilkurak klaseen ordutegia errespetatzeko.