Aroztegia proiektuko obrak hastera zihoazela eta, erresistentzia antolatu eta mobilizazioei ekin diete Baztanen. Aurreko ostiralean abiatu zuten proiektua gauzatu nahi duten lursailetan kanpaldi mugagabea, eta Nafarroako herritar eta eragileei bertaratzeko dei egin diete. Makro-proiektu urbanistikoak ingurumenean ez ezik herriko bizimoduan eta hizkuntzan ere kalteak eragingo lituzkeelako antolatu dute erresistentzia. "Aroztegia proiektu txikitzailea gure ingurua, hizkuntza, kultura eta bizimodua desagerrarazteko helburuarekin egin nahi dute", zioten Aroztegia... eta gero zer? plataformak eta Baztango Gazte Asanbladak zabaldutako oharrean.
Maiatzaren 16an manifestazioa eginen dute Elizondoko plazatik abiatuta, arratsaldeko 17:30ean.