Habelarte jaio da, Mendialdeko baserritarren elkartea

Martxoaren 28an aurkeztu zuten Aralarko San Migueleko Santutegi ondoko aretoan Nafarroako Mendialdeko baserritar agroekologikoen elkarte berria. Arano-Goizueta, Leitzaldea, Araitz-Betelu, Larraun-Lekunberri eta Basaburua-Imotz-Atezko ekoizleak bildu dira Habelarten. 28 baserritar inguru elkartu ziren sorrerako batzarrean.

Bi urte luzeko prozesuaren emaitza da elkarte jaio berria. Hasiera batean, Leitzako eta Aresoko nekazariak eta abeltzainak bildu behar zituen, baina lanketa mendialde osora zabaltzea erabaki zuten segituan.

"Besteak beste, zonalde osoan eredu horretan ari diren edo ari nahi duten baserritarrak antolatzen hasteko beharra ikusten zelako sortu da elkartea", diote zabaldutako prentsa oharrean. Hain zuzen, baserritar txikiek egunerokotasunean dituzten zailtasunei aurre egiteko elkartzea aukera ona dela uste dute, eta ekoizpen arloan, eraldaketa prozesuan, komertzializazioan, promozioan eta kontsumitzaileekiko eta administrazioarekiko harremanetan eragitea dute asmo, besteak beste.

"Helburua nekazaritza iraunkorra bultzatzea da, eredu estentsiboan eta agroekologian oinarritutako praktikak sustatuz, prozesu eraldatzaile bezala ulertuta. Eredu hau lantzearen bidez gure etxaldeen errentagarritasun ekonomikoa ez ezik, oreka soziala eta ekologikoa ere lortu nahi dugu", nabarmendu dute oharrean. Elikadura burujabetzaren eta iraunkortasunaren klabeetan kokatzen du elkarteak bere bidea, beraz.

Hemen irakur daiteke prentsa-oharra osorik.