Elkarrizketa

Mendialdeko Baserritarren Elkarte berria aurkeztuko dute igandean

Amezti.eus 2021ko mar. 25a, 12:00

Leitzaldeko, Lekunberri-Larraun inguruko eta Imotz, Basaburua eta Atezko baserritarrak bilduko dituen elkartea sortu berri dute eremu horretako nekazari eta abeltzainek. Igande honetan eginen dute elkarte berriaren aurkezpena, Aralarko santutegian, goizeko 12:00etatik aurrera.

Goldarazko Iosu Ollo gaztagileak eman dizkigu Egun Ero irratsaioan elkarte berriaren inguruko xehetasunak. Duela bi urte hasi zen elkartea sortzeko prozesua Leitzan eta Areson. "Baserritarrok agroekologiaren bidea lantzeko asmoz sortutako elkartea da. Leitzako eta Aresoko baserritarrak bildu behar zituen hasieran, baina gero erabaki zuten handik mendialde osora zabaltzea", azaltzen du Ollok. Amaiur Untzueta Cederna Garalurreko elikadura teknikariaren laguntza izan dute prozesuan zehar.

Zein diren elkartearen helburuak? Bada, herritarren kontsumo eredua aldatzea eta sektoreari bultzada ematea. Horretarako, hainbat lan-ildo zehaztu dituzte: ekoizpen zikloa, eraldapena, komertzializazioa eta banaketa bultzatzea, emakume baserritarren lanari aitortza egitea eta komunikazioa, formakuntza eta intzidentzia politikoa lantzea, besteak beste. Hori guztia aurrera eramateko, antolaketa eta funtzionamendua zehaztu eta konpromiso karta eratu dute.

Herritarrak igandeko aurkezpenean parte hartzera gonbidatu dituzte; interesa dutenek 607 51 55 84 zenbakira deitu beharko dute erreserba egiteko. 12:00etatik 14:00etara elkartearen aurkezpena izanen da, eta ondoren, bazkaria: 25 eurotan helduentako, eta 12 eurotan umeendako. Haurtzaindegi zerbitzua ere egonen dela jakinarazi dute antolatzaileek.