Sutea, Arrarasko Arretxea etxeko teilatuan

Amezti.eus 2021ko mar. 23a, 11:12

Su hartu zuen bart gauean Arrarasko Arretxea etxeko teilatuak. Herritarrek lagundu dute sutea itzaltzeko lanetan.

Teilatuan izan da kalterik handiena, herritarrek esan digutenez, baina uste zena baino txikiagoa izan da, zorionez, eta, etxean zeuden bi lagunak, onik atera ziren. Sustoa bai, handia izan zen guztiondako. Tximinian sortu zen sutea, atzo iluntzean, eta itzaltzeko lanetan aritu ziren herritarrak.

Hiru suhiltzaile kamioi joan ziren eta Polizia Forala ere agertu zen. Poliziaren jarrera salatu nahi izan dute, izan ere, etxeratze agindua zela eta alde egiteko esan zieten laguntzen ari ziren herritarrei. Askok ez zuten agindua bete, egoeraren larritasunarengatik.

Aldi berean, hausnarketa bat luzatu nahi izan digute Arrarastik, izan ere, herri guztietan badago mangerendako ur linea bat, baina horrelako egoeratan askok ez zekitela nola erabili eta ongi zaindua ez zegoela konturatu ziren. Horrelakoetan laguntza handikoa izango zen sistema hori, eta, horregatik, herri guztietan hura zaintzeko helburua hartu beharko luketela uste dute, horrelakoetan kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen. Mangerak eta grifoak ongi mantendu, eta herritarrek horiek erabiltzeko ikastaro bat jasotzea proposatzen dute.