Urrian hasi zituzten elkarretaratzeak Nafarroako Osasun Plataformak eta martxoan deialdiak berabiatu ditu Nafarroa osoan. Basaburuan ere batu dira. Gaurtik hasita asteazkenero eginen dute elkarretaratzea Jauntsaratsen, 11:00etan, Osasun Etxe Parean.
Azken urteetan Nafarroan eta estatuan izandako murrizketen ondorioz, lehen arretak pairatu duen prekaritatea eta izurriteak larriagotu duen egoera salatzeko biltzen dira asteazkenero, Nafarroa osoan. Herritarren arreta hobetuko duen langile kopuruaren handitzea eta baldintzen hobekuntza eskatzen dute. Baita Osasun departamentuak Lehen Arretarako Zuzendaritza Orokorrari eskatutako plana aurkeztea ere.
Jauntsaratsen gaur izan da lehenengo elkarretaratzea, baina asteazkenero izanen da deialdia, goizeko 11:00etan biltzeko, Osasun Etxearen parean. Basadinetik, Basaburuko Adinduen Elkartetik, yoga klasea aurreratu dute bilkurara hurbildu ahal izateko. Horrela, herritar ugari hurbildu da gaur, 35 pertsona gutxienez.