Martxoaren 8an, Emakume Langilearen egunean, dozenaka jarduera

Amezti.eus 2021ko mar. 3a, 12:07
2019ko mobilizazioak Iruñean

Izurritea tartean iritsi zaigu aurtengo martxoaren 8a, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Aurreko urteetako mobilizazio masiboak beharbada ez, baina aldarriak kalean ikusiko ditugu. Baita gure eskualdean ere.

Basaburuko Bilgune Feministak, sistema arrakalatu

Feminismotik dena aldatu, sistema arrakalatu da aurtengo Euskal Herriko Mugimendu Feminismoak aukeratutako leloa, eta hori ere berea egin du Basaburuko Bilgune Feministak. Kontzentrazioa eginen dute martxoaren 8an, astelehenarekin, Aizarozko plazan 18:00etan. Baina beste hainbeste ekintza ere antolatu dituzte.

Mugimendu feministatik krisia ez dela pandemiarekin hasi adierazi dute, eta horregatik "sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista arrakalatzeko, feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan" jarraitu behar dela aldarrikatu dute.

Mankomunitateko Berdintasun arlotik, hamaika jarduera

Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko Berdintasun arlotik zentzu berean joan da adierazpena: "Krisi sanitario, sozial eta ekonomiko honek agerian utzi du pertsona eta bizitza guztiak balioetsiko dituen eredu ekonomiko eta sozial baten alde lan egiteko beharra". Hainbat konpromiso hartu dituzte, haien artean "Bizitzaren jasangarritasuna politika publikoen erdigunean jartzea". Mezua zabaltzeko jardueraz beteriko programa antolatu dute.

Basaburuko Basandereen aldarrian, ekofeminismoa

Basaburuko Basandereak taldetik ekofeminismoa aldarrikatu nahi izan dute aurtengo oharrean: “Ekofeminismoak hamarkadak daramatza bizitza erdigunean jartzea aldarrikatzen, etorkizun desiragarria, jasangarria eta inklusiboa sortzeko. Eta horrela, bizitzak merezi izango du bizitzea”. Zaintzei duten garrantzia eman eta “emakumeen jakinduriak txertatuko dituen etorkizuna” garatu behar dela adierazi dute.

 

Uste dute aspalditik eskatzen ari diren aldaketa horien beharra argi utzi duela izurriteak, eta konponbideak gertutik, gure inguruko harremanetatik hasi behar duela aldarrikatu dute: “Iraultza handiak hurbileko aldaketa horietatik abiatu baitziren. Aldarrikatu dezagun gure herrien eta bizilagunen bizitzaren eta zaintzaren balioa”.