Covid 19aren ondorioz langileak gela ezberdinetan banatu behar izan dira eta horrek haien arteko komunikazioa oztopatu du nolabait. Horri konponbide bat bilatzeko obra egitea erabaki du Basaburuko udalak.
Irudian ikusi dezakezuen planoan hobeto ulertuko duzue. Orain arte herritarrak jasotzen zituen udal bulegoa zinegotzien gela izanen da eta udal langileak gela handienera aldatuko dira. Bertan, paretan, erakuslehio bat irekiko da paretan, herritarrak hartzeko.
Gela honen ondoan izanen da udal idazkariaren gela, baina bulegoa eta gela kristalezko ate batek konektatuko ditu, harremana errazteko.
Astelehenean, otsailaren 1ean, hasiko dira obrak eta hiru astez luzatuko dira.
Bizikletak konpontzeko gunea
Ez da hori udaletxetik jaso dugun berri bakarra. Aste honetan bertan ikusi dugu, udaletxearen ezkerraldean, kotxeendako estalpearen ondoan, metalezko poste urdin bat. Bada, ba udalak jarritako bizikletak konpontzeko gune berria da hori.
Poste barruan hainbat tresna izanen dira: gurpilak puztutzeko gailuaz gain, bihurkina (destornilladorea), torx giltza sorta, allen giltza sorta, giltza finkoa, giltza zabalgarria (ingelesa) eta desmuntagarriak ditu. Edozeinek erabiltzeko moduan izanen dira, dakarren armairu batean, nahiz eta oraindik ez dituzten jarri.