Heteropatriarkatuaren aginduak erretzen: Basaburuko Bilgune Feministak ekimen berezia eginen du arratsaldean

Amezti.eus 2020ko aza. 25a, 13:46

Gaur, azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren kontrako eguna da. Horregatik, ekimen berezia antolatu du Aizarotzen Basaburuko Bilgune Feministak: heteropatriarkatuaren aginduak erretzera gonbidatu dute nahi duen orori.

Aizarozko plazan izanen dira 19etatik 21ak arte, horrela luzatu du Basaburuko Bilgune Feministak gonbitea: "Zer iruditzen zaizue Aizarotzen bildu eta indarkeria matxista tresna gisa ere erabiltzen duen sistema kapitalista heteropatriarkal honek sortzen dizkigun txar guztiak elkarrekin erretzen baditugu?"

Krisi sanitarioaren erdian zerbait berezia egitea bururatu zaio taldeari, eta azaroaren 25ean babes sare anitzak erdigunera ekartzea nahi izan dute, ohar batean adierazi dutenez. Horregatik, erre nahi duguna Aizarozko plazara eramateko deialdia egiten dute, elkarrekin prestatzeko. Musika eta edari beroa izanen dute bertan, gainera: "Espazio goxo bat sortzen saiatuko gara. Beste emakume batzuen ahotsak ere ekarriko ditugu, Abya Yala eta Mesoamerikako ahotsak, lurra eta komunitatea suntsitzen duten interes kapitalista patriarkal eta fundamentalisten aurrean lurraldearen defentsa nahiz euren eskubideak aldarrikatzen dituzten emakumeen ahotsak. Zuk ere ekarri ditzakezu nahi dituzun ahotsak".

Indarkeria sexista, teknologia berrietan

Bestalde, Basaburuko Basandereok ere ohar bat zabaldu dute azaroaren 25 honetan: "Indarkeria sexista teknologia berrietara egokitu da. Ekintza horiek kaltegabeak edo "txantxa" dirudite, baina kontrola hemen hasten da. Bikotekideari argazkia kentzeko eskatzea normalizatzea gona hori ez janzteko esatea bezain erasokorra da", nabarmendu nahi izan du aurten Basandereok taldeak.