ZOZKETA MUNDIALA

Pulunpeko Zozketa Mundiala, bertan behera

Duela 8 urte hasi zen Pulunpeko Zozketa Mundiala, Nafarroako Gobernuak euskal aldizkari, telebista eta irratiendako diru laguntzak kendu zituenean. Geroztik, Euskal Herriko hainbat lekuetara zabaldu da ostatuen eta herritarren laguntzagatik. Aurten, lehenengo aldiz, ezin izanen dugu egin.

Pandemiaren ondorioz ostatuek itxita jarraitzen dute eta, gainera, herritarrok aukera gutxi ditugu elkartzeko. Boletoak saltzeko ezinbesteko baldintzak dira horiek, eta, horregatik, Ametza Kultur Elkarteak zozketa bertan behera uztea erabaki du. Izan ere, ostatu eta jatetxeetan ez ezik, herritar asko ere aritzen dira urtero salmenta lanetan, berriz ere eskerrik asko eman nahi diegu.

Pasa den edizioan 10 txerri gizen, 10 axuri eder, 18 otordu bikoitz, 24 gazta, 30 sakitxo... eta beste hainbat eta hainbat sari banatu genituen ilbeltzaren 12an 107.9an zuzenean egindako zozketan. Guztira, 134 sari. Urtero bezala beste asko banatzeko gogo izugarriak genituen eta pena handiz iragartzen dizuegu aurten ezin izango dugula egin.

Barkatu berri txarrak, espero dugu hurrengo zozketa egiteko aukera izatea ahal bezain pronto. Bitartean zaindu eta animoak Pulunpetik!