Ultzama ibaian egondako isurketa bat aztertzen ari dira

Amezti.eus 2020ko urr. 23a, 10:58

irudia: Sepronak zabaldua

Latasa (Odieta) inguruan 30 amuarrain inguru hilik agertu dira, batzuk urazalean eta besteak hondoratuta. Guardia Zibilaren Sepronako agenteak aritu dira uraren kalitatea neurtzen eta animalion heriotzak isurketa baten ondorio ote diren aztertzen.

Latasako gune horretan ibaiko urak arre zeudela baieztatu dute. Ustez, hainbat isurketa egon dira azken egunetan, eta ondorioz ibaiko uraren PH maila legediak baimendutakoa baino handiagoa izan da. Badirudi filtratze bonben sistemako akats batek eragin duela arazoa. 

Ebroko Konfederazio Hidrografikora bidaliko dituzte orain ibaian jasotako laginak, eta bertan analisia egin eta gero zehaztuko dute ibaiko faunaren heriotza domeinu publiko hidraulikoaren isurketa baten ondorioz gertatu ote den.