Gaur hasi da gure zonaldeko ikastetxeetan ikasturtea

Amezti.eus 2020ko ira. 7a, 12:15

Ikasturte hasierak bereziak badira, aurtengoa are eta berezitasun gehiagorekin dator gure zonaldeko ikastetxeetara. Osasun neurri berriak ezarri behar izan dituzte ikasle eta langileak Covid birusarekin kutsa ez daitezen. Dena den zuzendaritza taldeek lan handia egin dute Nafarroako Gobernutik ezarri dizkieten arau guztiak txintxo betetzeko, zentro bakoitzaren ezaugarritasunak kontutan hartuz, beti ere.

Oroitu behar dugu, ikasturte amaiera ere ez zela ohi bezalakoa izan. Bat-batean eskola itxi eta etxetik bukatu behar izan zuten kurtsoa ikasleek, errutina erabat aldatuta. Harrez gero sei hilabete igaro dira, tartean udako oporrak, eta orain arau berriak bete behar dituzte eskola barruan ikasketak jarraitzeko.

Guzti hau ikusita, guraso askok kezka azaldu dute segurtasun neurriak direla eta. Haur askok ez dute maskarillarik erabili, 12 urte baino gutxiago edukita, baina orain Lehen Hezkuntzatik aurrera derrigorrez erabili beharko dute, adibidez.

Aldaketa asko dago ikasturte berri honetan eta hori kudeatu behar da.

Oihanzabal eskolatik esan digute haurren ongizate emozionala dela lehentasuna momentu hauetan gehienbat. Gauza berri asko ikasi behar dituzte, ohitura berriak barneratu eta haur batzuentzat ez da erraza izanen. Garrantzitsua ikusten dute ikasleak beldurrik gabe egoten lortzea. Protokoloa zehatza da gauza askotan, osasunaren ikuspuntutik egina, nahiz eta Hezkuntza Departamentuak helarazi. Baina neurriak azkar aldatzen dira, egoera ere aldakorra den heinean. Dena den Oihanzabal eskola, espazio aldetik, zabala da eta horrek errazago egin du segurtasun neurrien kudeaketa.

Ez da berdina gertatzen Larraintzarko eskolan. Nahiz eta han ere protokoloa prestatu eta egokitu, oso zentro berezia da Nafarroan. Bertan Haur Hezkuntza, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako haur eta nerabeek ikasten dute. Gainera Bigarren Hezkuntzako ikasleek bertan bazkaltzen dute. Hau dela eta, hemen leku arazo gehiago dute. Dena den hemen ere protokoloa betetzeko lan itzela egin dute eta gurasoei, bileren bitartez, eman dizkiete azalpen guztiak.

Gauzak horrela, gaur hasi da gure zonaldean ikasturtea eskoletan. Dena ongi joan ezkero ez da behar izanen aurreikusitako beste planik ezartzea, baina badaezpada ere, lanean dihardute aukera horretan ere.