Jaunsaratsen burutu zen azoka arrakastatsua

Euriak eraman zuen Orokietan egin behar zen azoka Jaunsaratsko frontoiaren aterpera, baino ala eta guztiz ere jende ugari bildu zen. Ekoizle eta erosleen arteko harreman zuzenak arrakasta izan zuen. Frontoian honelako ekimen batek eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak bete ziren, gertutasuna alde batera utzi gabe.

Eskerrak antolatzaileek Orokietan burutu beharreko azoka aterpera eraman zuten, euria izan bait zen nagusi gure zonaldean larunbat goizean. Gauza batzuk galdu ziren arren orokorrean ongi joan zen jardunaldia.

32 postu izan zituen azokak eta ibilbide bat balitz bezala antolatuta zegoen, honela jende pilaketak ekiditeko baina baita bertaratzen zen jendeak guztiak lasaitasunez ikusteko ere. Honela, bertako ekoizleak ez beste, artisauak eta hainbat zerbitzu emaile ere ezagutzeko aukera izan zen.

Antolatzaileek bi helburu nagusi zituzten azoka honetan. Horietako bat, nola ez, salmenta bera. Aurten daramagun urte xelebrean ez dira izan aukera asko horrelako feriak antolatzeko eta ekoizleentzat zaila izan da haien produktuak ezagutzera eman eta saltzea. Bigarren helburu bat, garrantzitsua ere, ekoizleen artean sarea egitearena zen. Honelako azokak dira elkar ezagutzeko baliabide bat eta elkarlana eta sarea egiteko abiapuntu garrantzitsua izan daitezke. Bi helburu nagusi hauek bete omen ziren eta orokorrean salmentekin pozik zeuden ekoizleak. Dena den parte-hartzaileek balorazio sakon bat eginen dute aurrerago, datuak zehatz jaso ondoren, baina lehen iritzia positibotzat jotzen dute.

Basaburuako Udala ere baikor azaldu da azokak jendartean izan zuen harrerarekin. Bigarren edizio hau Basaburuan burutu bada ere, Imotz eta Atezko Udalen laguntza ere jaso du Cederna Garalurrenarekin batera. Zonaldeko garapen ekonomikoari begira, honelako ekimenei jarraipena ematea garrantzitsua dela adierazi digute Basaburuako Udaletik.