Txetxu Collado, 'Kimera' antzezlana

"Gogoetarako gonbitea egiten zaio publikoari antzezlanean"

Amezti.eus 2020ko uzt. 22a, 12:50

Bihar arratsaldean, uztailaren 23an, Jauntsarasko kiroldegian aurkeztuko du La Banda antzerki eta zirko taldeak Kimera izeneko antzezlana, arratsaldeko 19:00etan. Aizarozko Txetxu Collado taldeko kide da, eta lanaren inguruan gehiago jakiteko elkarrizketa egin diogu.

Zer kontatzen da Kimera zirko-antzerki ikuskizunean?

 

Migratzaile baten istorioa kontatzen da antzezlan honetan. Leku berri batera iristen da protagonista eta bertakoekin topo egiten du, eta bertakoekin daukan harremanari buruzkoa da lana. Iraganeko garai batean dago kokatua istorioa, aurreko mendeko hogeigarren hamarkadan.

 

Nola uztartzen dituzue zirkoa eta antzerkia?

 

Zirkoa da, nolabait, gorputza eta objektuekin erabilpen ikusgarri eta trebe bat egiten delako, eta antzerkia ere bada, istorio bat kontatzen delako. Jendeari istorioaren aurrean gogoeta egiteko gonbitea ematen zaio, eta ikuskizunean zehar jendea hunketzeko helburua ere badugu. Dialogorik ez dago, baina gorputzaren hizkuntza baliatuz kontatzen da istorioa. Agertzen diren pertsonaien arteko harremana ez da hitzen bidez adierazten, baizik eta gorputzaren mugimendu eta hizkuntza bidez.

 

Emanaldi asko egin dituzue aurretik?

 

Ez, hau bigarren emanaldia izanen da. Lehena duela sei hilabete izan zen, urtarrilean egin genuen Atarrabian estreinaldia. Aretoa bete genuen eta arrakasta handia izan zuen, jendea pozik atera zen eta kritika nahiko onak jaso genituen. Gerora, martxoan, apirilean eta maiatzean hitzartuak genituen emanaldi dezente, baina egoera honen ondorioz bertan behera gelditu edo atzeratu egin ziren.

 

Biharkoaren ondoren, larunbatean Etxarrenen eginen dugu beste bat, konpainiaren gertuko jendearen aurrean, eta hortik aurrera beste hainbat emanaldi ere izanen ditugu: uztailaren 30ean Oliteko jaialdian, abuztuan 12 saio ditugu hitzartuak... Gehienak Nafarroan eta Euskal Herrian izanen dira, baina abuztuaren bukaeran Salamancara joanen gara, Ciudad Rodrigoko antzerki jaialdi ezagunera. Pozik gaude aukera oso polita delako guretzat.

 

Noiztik dago taldea martxan, eta nortzuk osatzen duzue?

 

Lau lagunek osatzen dugu antzezlana: Nano Napal eta Izaskun Lasarte dira La Banda konpainiaren sortzaile, sustatzaile eta partaideak, haiek pentsatu eta imajinatu zuten proiektua. Haiek proposatu ziguten Jorge Cordon musikariari eta niri ikuskizun hau egitea. Jorge irurtzundarra da, piano jolea, eta emanaldian zuzeneko musika originala egiten du: gehienbat pianoa, baina beste instrumentu berezi batzuk ere jotzen ditu.

 

Noiz eta nola hasi zinen zu antzerkiaren eta zirkoaren munduan?

 

Duela urte dezente hasi nintzen. Lehen kontaktua malabareekin izan zen, Barañaingo Gaztetxean egin zen ikastaro batean. Gero mazekin eta pilotekin hasi nintzen, eta hortik aurrera antzerkiarekin eta zirkuarekin lotuta egon naiz. Jaso dudan formakuntzarik potoloena Oreka Zirko Eskolan izan zen, Iruñean, 2000. urte inguruan. Lau edo bost urtez egon nintzen han, eta eskolako lagunekin konpainia bat ere sortu genuen. Gerora, beste konpainia gehiagorekin ere lanean aritu naiz.