Denboraldi berrirako martxan da BRT kluba

Amezti.eus 2020ko uzt. 16a, 10:09

2020-2021eko denboraldirako martxan da berriz Baztan Rugby Taldea. Aurtengo denboraldia arraroa izanen dela aurreikusten dute, Covid-19 dela eta, baina zuzendaritza-batzordea egoera berri honi aurre egiteko lanean da honezkero.

Denboraldi berriko kanporaketak eta partidak nola izanen diren ikusteke dago oraindik, azpiegitura eta instalazioen aldetik segurtasun neurri zorrotzak hartu beharko baitira. Senior mailako entrenatzaileak ez dira iazko berak izanen, klubak zabaldutako oharrean adierazi duenez. Iazko Mariano Iribarren eta Peio Orbegozo entrenatzaileak klubeko barne antolakuntzara pasatuko dira aurten.

Bestalde, BRT taldeak eskerrak eman dizkie denboraldi berrirako dirua ateratzeko antolatu zuten zozketan parte hartu zuten herritar guztiei. Diru sarrera hori gabe denboraldi berriari ekitea zail izanen zutela onartu dute. Iazko denboraldi hasieran larri ibili ziren BRTko taldeak jokalari kopuruari zegokionez, baina adierazi dute urte honetan pixkanaka hobera egin duela egoerak. Denboraldi berrirako jokalari hauek dituzte maila bakoitzean, momentuz: 

Senior mailan: 18 jokalari ehuneko ehunean konprometituak, eta beste 10 konpromiso txikiagoarekin

Sub 18: 14 jokalari

Sub 16: 7 jokalari

Maila baxuagoko kategoriak: 20 jokalari (kategoria hauetan Irunekin batera jokatu izan dute orain arte, ikusi beharko da covid-19arekin zein aukera dauden)

Klubeko parte izateko interesa dutenek, bai jokalari moduan, baina baita entrenatzaile edo kolaboratzaile moduan, prentsa@brtmenditarrak.eus helbidera idatziz edo 690 375 183 telefonora deituz jar daitezke taldearekin harremanetan.