Elkarrizketa

'Tratado de hortografia' liburua atera du Patxi Irurtzun liburuzainak

Nobela berria argitaratu du Patxi Irurtzun Ultzamako liburuzainak: Tratado de hortografia. Datorren astean jarriko da salgai liburu dendetan, eta igande honetan, berriz, Diario de Noticias egunkarian aurrerapen bat argitaratuko dute. Rock Radical Vasco garaian kokatzen den lan berriaren nondik norakoez galdetu diogu elkarrizketa honetan.

Rock Radical Vasco delakoaren garaian kokatutako nobela da Tratado de hortografia zure azken lana. Zer topatuko du irakurleak bertan?

 

Nobelak Rock Radikal Vascoren izar ohi baten istorioa kontatzen du, gaurtik ikusita eta eguneroko batean berak idatzitakoarekin. Los tampones rock taldean jotzen zuen protagonistak, eta bere kanta ospetsuenak “Estamos contra las reglas” zuen izenburua. 80ko hamarkadan burrunba handia eragin zuten telebista saio batean kanta hori jotzen agertu zirenean (Las Vulpess taldea bezala). Baina, esan bezala, gaur egunean kokatzen da istorioa eta bestelako gai asko ere topatuko ditu irakurleak bertan: seme-alaba nerabeekiko harremana, prekarietatea, emaztearen heriotzagatiko dolua... Eta bai, garai hartako istorioak eta oroitzapenak, malenkoniarik gabe.

 

Aspalditik zenuen mugimendu eta garai honen inguruan zerbait idazteko gogoa?

 

Bai, beti izan dut horri buruz idazteko gogoa, intentsitate handiz bizi nuelako garai hura, gaztea nintzela (kontzertuak, kaseteak, fanzineak...). Nire nobela eta ipuin askotan agertzen dira erreferentziak, baina oraingoan protagonismo gehiago eman nahi izan diot. Hala ere, ez nekien nola egin, oso istorio zabala zela uste nuelako batetik, eta ni ez naizelako musikaria bestetik (dena den, garai hartako musikariek gehiegi gogoratzen ez dutela eta urte horiek laino baten moduan dituztela kontatzen didate). Gero konturatu nintzen agian ez zela beharrezkoa istorio handi bat kontatzea, eta istorio txiki baten bidez posible zela, intimoagoa edo egunerokoan oinarrituagoa, eta hori egin dut.

 

Nola izan da idazte prozesua? Denbora asko eman duzu?

 

Idazte prozesua fisikoki nahiko azkarra izan da: hiru hilabetetan egin dut. Baina halako zerbait idazteko ideia buruan bueltaka urte luzez egon da. Saiatu nintzen behin eta berriro eta ez zuen funtzionatzen. Azkenean, ia nahi gabe, eguneroko hori idazten hasi nintzen eta oso azkar atera zen guztia: nobelaren doinua, egoerak, pertsonaiak... Gainera, liburua nire beste liburu batzuekin lotu da, hau ere kasik nahi gabe. Adibidez, nire lehen nobeletan agertzen den hiria berreskuratu dut, Jamerdana. Estiloa informala da, baina era berean nire liburu autobiografikoagoekin ere lotzen da, adibidez Dios nunca rezarekin, eguneroko bat zelako, hura benetakoa... Egunkarietan idazten ditudan zutabe zati batzuk ere sartu ditut... Esan daiteke liburu honek beste liburuetan lotu gabe utzi ditudan gauza asko lotzen dituela, eta oso polita izan da urteetan zehar ni konturatu gabe organismo handiago bat idazten ari nintzen, ez dakit nola esan. Horregatik guztiagatik uste dut, liburu hau “txikia” izanagatik ere, niretzat edo nire ibilbide literarioarentzat oso inportantea dela.

 

Nobela gehienek bezala, errealitatetik eta fikziotik, bietatik pixka bat izanen du honek ere, ezta?

 

Bai, protagonista idazlea da, liburuzaina, seme-alaba nerabeak ditu... Baina ni ez naiz musikaria ezta alarguna ere. Dena nahasten da. Nire amak nire gauzak irakurtzen dituenean beti esaten du: “Baina, zu zara!”, protagonista emakumea edo ni baino zaharragoa edo gazteagoa izanda ere. Eta egia da, baina ez da guztiz egia aldi berean. Hori da literatura.

 

 

Tratado de hortografia, izenburua bera ere umoretik idatzia dago. Umorea asko erabiltzen duzu zure lanetan, ezta?

 

Bai, saiatzen naiz. Kasu honetan protagonistak gerrilla ortografiko talde batean parte hartzen du, bere gazteria berreskuratzeko ahalegin patetiko samar batean. Horregatik izenburuaren txistea edo kontraesana. Umorea sartzea gustatzen zait nire liburuetan, bai, nik ongi pasatzeko idazterakoan -inoiz ez ditut ulertu idazteko orduan sufritzen dutela dioten idazle horiek, horretarako utzi!- eta jendeak irakurtzerakoan. Hala ere, esango nuke gehienetan tragikomediak direla nire istorioak, bizitza bezalakoak.

 

 

Norentzat da liburu hau? Garai hura bizi zutenek eta gaur egungo gazteek modu desberdinean ulertuko/jasoko dutela uste duzu?

 

Liburu generazionala dela esango nuke, gaur berrogeita hamar urte inguru ditugunoi buruzkoa, gure gaztaroa gogoratzen duelako eta gure gaurko egoera kontatzen duelako: zer lortu dugun, non geratu diren gure ametsak... Baina nerabetasunaz, gaurko nerabetasunaz ere hitz egiten du, eta gazteek ere gustura irakurtzen ahal dute. Gainera, gazte askok entzuten dute oraindik La Polla edo Eskorbuto (nire auzoa pintadaz josita dago eta ez dut uste berrogeita hamar urteko jendeak eginak direnik). Horretaz aparte, ez dut uste beharrezkoa denik rock erradikala gustatzea liburuaz gozatzeko, eta uste dut istorioa, berez, erakargarria dela irakurtzea maitatzen dutenentzat.

 

Nobela honetako pertsonaiek jarraipen bat izanen dutela aipatu duzu elkarrizketaren batean...

 

Bai, espero dut baietz. Ni oso eroso sentitzen naiz gauza hauek idazten, eta gainera gustatuko litzaidake benetako protagonistekin, esate baterako El Drogas, Marino Goñi, Vulpessko Loles edo Tijuanako Jimmirekin mintzatzea, haiek niri garai hartako istorioak kontatzeko garai horretako. Istorio luzeago baten lehen atala izatea hau da nire asmoa, baina ikusiko dugu nola funtzionatzen duen liburuak eta irakurleek zer esaten duten.

 

Honezkero liburu dendetan dago salgai, baina... noizko izanen dugu Larraintzarko liburutegian?

 

Laster, espero dut. Fisikoki berehala, baina espero dut aurkezpen bat ere egitea, musika entzutea... Tamalez, gaur gaur gaurkoz ezin da esan noiz. Bitartean, hor dago liburua eta ni liburutegian nahi duenarekin mintzatzeko.