Zaldiak eta rapa, emakumeen ahalduntzerako tailerra Beramendin

Amezti.eus 2020ko eka. 30a, 12:40

Uda honetarako ekimen ugari ari da martxan jartzen Beramendiko Katuka elkartea, eta proposamen berezi batekin datoz oraingoan: rap-a eta zaldiak uztartuko dituzte ahalduntze feministarako. La Furia rap kantari nafarrarekin batera jarri dute ekimena abian, eta helduendako eta haurrendako saioak eginen dituzte.

Beramendin eginen dituzte bi eguneko tailerrak: Katuka Elkarteko Katak zaldiekin ekintzak zuzenduko ditu, animaliok ezagutzeko jolas eta dinamikak proposatuz. “Saio horiek gure behorrekin eta zaldiekin hartu-emanerako espazioa eskainiko digute, aldi berean gure emozioen munduan ere sakonduz”, dio dinamizatzaileak. Furiak, berriz, rap tailerra dinamizatuko du: Hip Hop-aren historian eta erreferenteetan murgiltzeaz gain, rap sorkuntza indibidual eta kolektiboan ere arituko dira parte hartzaileak.

 

Data ezberdinak jarri dituzte tailerrean izena ematen dutenen artean erabakitzeko: helduendako uztailaren 25 eta 26ean edo abuztuaren 29 eta 30ean, eta haurrendako uztailaren 23 eta 24ean edo abuztuaren 27 eta 28an. Goizean eta arratsaldean eginen dituzte tailerrak, eta ordu libreetan inguruaz eta elkarrez gozatzeko aukera izanen dute parte hartzaileek. Informazio gehiago nahi duenak mimosa@mimosabulegoa.com helbidera idatzi dezake.