Beste erailketa matxista bat salatu du Basaburuko Bilgune Feministak

Amezti.eus 2020ko mai. 8a, 11:53

Emakume bat erail zuten Angelun herenegun. Gertaera gaitzesteko, kazerolada egiteko deialdia luzatu du Basaburuko Bilgune Feministak, arratsaldeko 19etan. Gainera, kalera ateratzerakoan, peto bat janztea eskatu dute HILTZEN GAITUZTE / BESTE EMAKUME BAT ERAILA mezua daramana.

Senarrak hil zuen 83 urteko emakumea, poliziaren hipotesiaren arabera, bere buruaz beste egin aurretik. Asteazkenean gertatu zen erailketa, Angelun, Lapurdin. 2020an eraildako laugarren emakumea da eta salatzeko kazerolada eta peto bidezko salaketa egiteko deialdia zabaldu da Euskal Herria osoan.

Gurean Basaburuko Bilgune Feministak egin du deialdia. 19etan kazerolada egiteko eskatu du balkoietan. Gainera, kalera ateratzerakoan peto bat janztea eskatu dute, Hiltzen gaituzte/beste emakume bat eraila mezua daraman petoa.

Bilgune Feministaren oharra:

BESTE EMAKUME BAT ERAILA ANGELUN!

 

Emakume bat erail dute Angelun, Lapurdin. Laugarren hildakoa 2020. urteko maiatzaren 6 honetan. 

 

Prentsak dioenaren arabera, «nahita egindako homizidio bat eta suzidio bat» izan da. Erailketa matxista bat izan dela esaten dugu guk. 

 

Koronabirusaren pandemiak gure bizitza pertsonal, politiko eta mediatiko guztia menderatzen jarraitzen duen bitartean, emakumeon aurkako indarkeria matxistak tinko darrai beste emakume baten bizitza bat aurretik eramanez. Egiturazko pandemia hau ez da desagertzen. 

 

83 urteko emakume bat da kasu honetan erailketa matxistaten azken biktima, garai gogor hauetan adineko pertsona izateak suposatzen duen guztiarekin; alegia, konfinamendu zorrotzena eta biztanleriaren hilkortasun arrisku handiena duen kolektiboa, besteak beste. 

 

Hainbat eta hainbat emakume bere erasotzailearekin konfinatuta jarraitzen dute. Balkoietan sasi polizia asko baditugu ere, oraindik indarkeria matxistari era eraginkorrean aurre egiteko baliabide falta dago errealitate hau benetako lehentasun politikoa ez izateaz gain ezarritako botereentzat. 

 

Kaleak berreskuratzen hasten garen bitartean, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik, herritar guztiak azken hilketa hau salatzera  animatzen zaituztegu:

 

NOIZ ?

 

  • MAIATZAREN 8an ARRATSALDEKO 19:00tan

 

NOLA ?

 

  • Peto bat jantzi kalera irteten garenean. Peto horretan hurrengo mezua agertuko da: HILTZEN GAITUZTE / BESTE EMAKUME BAT ERAILA. 
  • Nola egingo dugu petoa? HEMEN
  • Argazkia atera eta sareetara igo #ErasorikEzErantzunikGabe eta #NosMatan hashtag-a erabiliz. 
  • Ordu horretan gure balkoietan  kazerolada eta sirena  jarri.


ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!