Etxealditik Euskaraldira

Etxealditik Euskaraldira: hasi da atzerakontua

Amezti.eus 2020ko api. 22a, 09:31

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte Euskaraldiaren bigarren edizioa izanen da. Prestatzen hasi gaitezen, proposamena egin du konfinamendurako: etxealdian ere, euskaraz komunikatuko bagina? Ameztitik Euskaraldiarekin bat egiteko joku bat proposatzen dizuegu: ekimenean parte hartuko duzuenok jarri koloreko puntu bat lehioan eta bidali argazkia pulunpe@gmail.com helbidera.

Hizkuntza ohiturak aztertzeko eta aldatzeko sortu zen Euskaraldia eta 2018ko arrakastaren ondoren, aurten bigarren edizioa izanen da azaroaren 20an. Aurretik, berotzen joateko, maiatzaren 3ra arte Etxealditik Euskaraldira ekimena abian da. Oharran azaltzen dutenez: "Etxean eta etxetik ditugun harremanetan hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatu edo finkatzeko ariketa proposatzen dute: euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko".

Bizi dugun egoera honetan, Euskaralditik aipatzen dutenez, "elkar ikustea, besarkatzea, ukitzea ia ezinezkoa zaigun honetan, inoiz baino ageriago gelditu zaigu elkarren beharra daukagula: elkarrekin komunikatzeko beharra, hitz egiteko beharra. Horregatik, COVID-19 koronabirusak eragindako alarma egoeran bizitzea tokatu zaigun etxealdian inoiz baino gehiago hitz egiten ari gara elkarrekin, bai zuzenean etxean ditugunekin, eta baita teknologiaren bitartez, lagun, ezagun eta ezezagunekin ere". Galdera ezinbestekoa da, zein hizkuntza erabiltzen dugu harreman guzti horietan? Euskaraz hitz egin al dezakegu? Hizkuntza ohiturak etxetik aldatzen hastea da Euskaraldiak botatako erronka berria. Hemen informazio guztia: https://euskaraldia.eus/etxealdia/

Eskualdeko bizilagunei Euskaraldiak botatako proposamena luzatzen dizuegu. Parte hartzeko asmoa baduzue, jarri nahi duzuen koloreko puntu bat zuen lehioetan eta bidali zuen argazkia pulunpe@gmail.com helbide elektronikora zein herritako argazkia den esanez. Zenbatek parte hartuko dugu Ultzama aldean? Zein bailaratan izanen gara gehiago? Batu zaitezte gurekin erronkara, eta disfrutatu hizkuntza ohiturak aldatzen!

Erlazionatuak